Zuhaitz landaketa egingo da Elorriagan igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia

Izen-emateak: Itziarko harrera-bulegoan, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz.

Azken urteotako ohiturari jarraituz -2020a salbuespena izan zen-, aurten ere zuhaitz landaketa egingo da  Elorriagako (Itziar-Deba) lursailetan. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako ekimena da. Landaketa igandean, martxoak 14, izango da goizeko 9:30ean Elorriaga auzoko Galarreta gainean eta 12:30ak arte luzatuko da gutxi gorabehera.

Ekimen honek bi helburu ditu: Biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea, batetik; eta, bestetik, ingurumenaren balioekiko kontzientzia sortzea herritarrengan, bereziki umeen eta gaztetxoen parte-hartzea sustatuz. 

2014an sortutako ekimen honi esker, dagoeneko ehunka zuhaitz landatu dira Elorriagako parajean. Aurten 80 bat zuhaitz landatuko dira: arteak (Quercus ilex), haritzak (Quercus robur) eta gurbitzak (Arbutus unedo). Horrez gain, aurreko urteetan landatu eta galdu edo hondatu diren zuhaitzen ordez, berriak jarriko dira.

Egoerak hala eskatuta, plaza-kopuru mugatua izango da, eta ume eta gaztetxoei emango zaie lehentasuna. Parte hartu nahi duenak aldez aurretik eman beharko du izena Itziarko harrera-bulegoan (ordutegia: 8:00etatik 12:00etara, lan-egunetan), aurrez aurre, 943 19 92 55 telefonora deituta edo itziarkoauzoudala@gmail.com helbide elektronikoan. 

Covid-19a dela eta, indarrean dauden osasun neurriak ezarriko dira, eta nork bere lanabesak eraman beharko ditu (aitzurra…). Bestalde, arropa eta oinetako egokiak jantzita etortzea aholkatzen da.