Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2020ko urr. 20a, 14:23

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak, Geoparkean ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu du. Eskabideak 2020ko azaroaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza gehienez 3.500€-koa izango da. 

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. Urtero eskaintzen du Geoparkeko natura- eta kultura-ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntza bat. Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak. 

Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa-proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500,00€-koa (zergak barne) izango da.  

Bestalde, eskabideak 2020ko azaroaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira. Horretarako, hemen deskargatzeko prestatuta dagoen inprimakia bete, eta eskatutako dokumentazioarekin batera flysch@gipuzkoa.eus helbidera bidali behar da, eta paperean, Debako Turismo Bulegora (Ifar kalea, 4 20820 Deba).

Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak, eta Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio, urtea amaitu baino lehen onets ditzan.

Kontsultatu oinarri arautzaileak eta deialdia hemen