Euskal Kostaldeko Geoparkeko bisita gidatuek harrera ona izan dute uda honetan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2020ko ira. 23a, 10:00

Uztailean eta abuztuan 9,677 pertsonek bisitatu dute Geoparkea, eta uztailean bisitarien kopurua %5 igo da iazkoaren aldean.

Hiru hilabeteko etenaldiaren ondoren, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, bisita gidatuen programa ia osoa berreskuratu ahal izan zuen ekaina amaieran. Irteera guztiak COVID-19 protokoloetara egokitu dira, edukiera eta higiene segurtasun neurri guztiak bermatzeko.

Hortaz, uztailean eta abuztuan guztira, 9,677 lagunek parte hartu zuten, Deba, Mutriku eta Zumaiak osatzen duten Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan. Honek, iazko datuekin alderatuz, %8ko beherakada suposatzen du soilik. Gainera, uztailean %5eko igoera izan dute bisita gidatuek.

“Lan handia egin dugu uda hau aurrera ateratzeko eta oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Atzerritar kopurua nabarmen jaitsi bada ere, erkidegoko bisitariek beste aukera batzuen artean Geoparkea izan dute gogoko” nabarmendu du Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak.

Tokiko bisitarien gorakada 

Izan ere, bertako turismoa areagotu egin da, eta etorri diren bisitarien %43a erkidegoko bisitariak izan dira. Atzerritarren kopurua asko jaitsi da, azken urteetako datuen gorakada haustuz, estatuko bisitari kopurua mantendu delarik. Geoparketik igaro diren bidaiarien %51,1a estatukoak izan dira, batez ere Madril eta Kataluniakoak. Nazioarteko turistei dagokionean, bisitarien %5,5a izan dira.

Halaber, azken urteetako tendentziari jarraituz, gora egin du erreserba on line egiten duten bisitarien kopuruak webguneko erreserba zentralaren bitartez. Hain zuzen, online erreserbak %25a igo dira.

Uda denboraldi berezi honi aurre egiteko, hainbat berrikuntza egin dira. Alde batetik, etorri diren atzerritarrei audiogiden ordez mugikorrean pistak deskargatzeko aukera eman zaie. Turismo bulegoetan, bestalde, datafonoak ipini dira erreserba prozesua errazteko.

Gainera, aurten landu diren promozio kanpainak, tokiko bisitariak erakartzeko egin dira eta “datuak eskuan, emaitza ona izan dute”. Egun bizi dugun egoerak, natur guneak lurralde erakargarriak direla agerian utzi du eta “hori guretzat oso baliagarria da, jendearen gogoa Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko”.

Bisita gidatu eskaintza betea udazkenerako  

Udazkena bete-betea dator Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean. Urrian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egunero eskainiko ditu bisita gidatuak –astelehenetan izan ezik- oinez zein itsas ontzian, bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan eta abenduan, irteera gidatuak asteburu guztietan eta jaiegunetan eskainiko dira.

Bisita gidatuen egutegi osoa datozen hiru hilabeteetarako webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.