Hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak otsailaren 9an

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2020ko ots. 1a, 08:50

Zumaiko Turismo Bulegotik abiatuta eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta hegaztiak behatzeko hastapen-tailerra egingo da otsailaren 9an.  

Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hegaztiak behatzeko irteera gidatua antolatu du otsailaren 9rako. Geoparkeko hezeguneen balio naturala ezagutaraztea eta naturagune hauek duten garrantziaz jabetzea du helburu ekimenak. 

Irteeran kostaldeko hezeguneak ezagutzeko eta hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango da. Hegaztiak non ikusten diren, hauek ondo ikusteko beharrezko tresnak, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dira, besteak beste.

Geoparkeko Gonzalo Torrek gidatuko du irteera, argitasun egokia eta itsasbehera aprobetxatuz, otsailaren 9an, igandean, goizeko 9,30etatik aurrera. Zumaiako turismo bulegotik abiatu eta Santiagoko hondartzara edo Basadizarra ingurua bisitatuko dira eta 3 orduko iraupena izango du. Jarduera familia osoari zuzenduta dago. Parte hartzea doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena formularioaren bitartez edo telefonoz 943 14 33 96 (Zumaiako turismo bulegoa) zenbakira deituz.  Ura, oinetako eta arropa egokiak eta prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Hezeguneen Munduko Egunaren jatorria

Landare eta animalien %40 hezeguneetan bizi edo ugaltzen da, hortaz, ekologiaren ikuspuntutik ingurune hezeak oso leku aberatsak dira, biodibertsitate bereziko eremuak. Bertako bizidunek hezeguneen baldintzei aurre egiteko moldaera asko izan ohi dituzte. Horrez gain, tokiko kliman eragina izaten dute, paisaiari aniztasuna ematen diote, materialak sedimentatzeko tokia izaten dira eta uraren zikloa erregulatzeko balio dute.

Ezinbestekoak diren funtzio ekologiko horiek aintzat hartuta, eta bertako flora zein faunaren garrantzia aitortzeko, hezeguneak kontserbatzeko nazioarteko hainbat hitzarmen daude indarrean, ezagunena 1971ean Irango Ramsar hirian sinatutakoa. Hasieran hegaztiak babesteko zena, denborak aurrera egin ahala ekosistema hezeen balioa azpimarratzeko erreminta bilakatu da eta horregatik ospatzen da Hezeguneen Munduko Eguna.