Geoparkeak zuhaitzak ezagutzeko tailerra antolatu du urriaren 13rako

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2019ko urr. 3a, 15:37

Hitzordua, igandean, goizeko 10:00etan, Itziarko Zelaitxikin izango da (Deba). Parte hartzea doakoa da eta parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute labur.eus/zuhaitzak2019  formularioan izena emanez.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak,ingurumenaren arloan burutzen duen sentsibilizazio lanaren baitan, zuhaitzak ezagutzeko tailerra antolatu du urriaren 13rako, iganderako, Itziarko Auzo Udalaren lankidetzarekin. Ekimen honen helburua da herritarren artean zuhaitz mota ezberdinen ezagutza zabaltzea, eta ingurune naturalarekiko errespetua eta begirunea lantzea.

Hitzordua, igandean, goizeko 10:00etan, Itziarko Zelaitxikin da. Goiz osoko jarduera egingo da Arrateko Sakonean barrena. 8 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta dago eta parte-hartzea doakoa da.

Ibilaldian Gonzalo Torre Geoparkeko Ingurumen koordinatzailearen azalpenak jasoko dituzte eta, gainera, partaide bakoitzari zuhaitz mota desberdinei buruzko argibide-txosten bat emango zaio, zuhaitz bakoitzaren eta haien hostoen ezaugarriak azalduz. Hala, ibilaldian zehar, zuhaitzen hostoak aztertuz, zuhaitz bakoitza identifikatzen ikasiko dute.

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute labur.eus/zuhaitzak2019  formularioan izena emanez. Mendirako oinetako eta arropa egokiak, hamaiketakoa eta ura eramatea gomendatzen da.

Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa dauka.