Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen aldizkari berria aurkeztuko du Fiturren

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2019ko urt. 17a, 14:35

Datorren asteazkenean, hilak 23, 17:00etan, egingo da aurkezpena eta bertan izango da Geoparkeen Sare Globaleko koordinatzailea, Nickolas Zouros.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Madrilen egingo den Fitur Nazioarteko Turismo Azokan izango da beste urte batez. Azokak asteazkenean, hilak 23, irekiko ditu ateak eta bost egunez egongo da zabalik, urtarrilaren 27ra arte.
 
Aurten Geoparkeak jendaurreko bi aurkezpen egingo ditu turismo azokaren baitan, Euskadiko standean (9. pabilioian). Inaugurazio egunean, urtarrilaren 23an, 17:00etan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria aurkeztuko du. 
 
Egun estatuan dauden hamabi Geoparkeak deskubritzen dituen argitalpena da (Cabo de Gata-Níjar, Sierras Subbéticas, Sobrarbe-Pirineos, Sierra Norte de Sevilla, Villuercas-Ibores-Jara, Catalunya Central, El Hierro, Molina Alto Tajo, Lanzarote & Archipiélago Chinijo, Las Loras, Tremp-Montsec eta Euskal Kostaldea). Halaber, aldizkariak geoparke bakoitzerako zenbait geoturismo-esperientzia proposatzen ditu; Lurarren Historiaren puzzlea osatzen duten piezak dira.
 
Aurten Geoparkea arduratu da aldizkariaren edizioaz eta diseinuaz eta hiru hizkuntzatan argitaratu da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Aldizkaria paperean zein formatu digitalean eskuratu ahal izango da. Fitur azokan doan emateaz gainera, urtean zehar egingo diren beste zenbait ekitalditan ere banatuko da UNESCOren Munduko Geoparkeak ezagutzera emateko asmoz, Berlingo ITB azokan edota nazioarte mailako geoturismo ekimenetan.

Aldizkariaren aurkezpenean egongo dira Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udal ordezkariak, hiru alkateak buru. Haiekin batera izango da UNESCO Geoparkeen Sare Globaleko koordinatzailea, Nickolas Zouros. Era berean, Fiturren presente egongo diren Geoparke ezberdinetako ordezkariak ere bilduko dira bertan.
 
Hurrengo egunean, hilak 24, 17:00etan, euskal itsas ondarearen harribitxi den Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen aurkezpena egingo da Euskadiko standean. Mutrikun XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.
 
Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Bisita honek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kultur eskaintza osatzen du, balio historiko-artistiko handia duen baliabidea gehituz. Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba geoparkea.eus webgunearen bidez egin daiteke. 

Aurten ere, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak presentzia bikoitza izango du nazioarteko turismo azokan. Fiturrek iraungo duen bost egunetan, Geoparkeak natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. Horrez gainera, Geoparkeak bere stand propioa izango du Munduko UNESCO Geoparkeekin batera, 4. pabilioian.