Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere lekua izango du aurten ere Fitur turismo azokan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2018ko urt. 17a, 16:30
UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo eskaintza aurkezteko ekitaldian parte hartuko du Geoparkeak bihar, ostegunez.

Gaur zabaldu da Fitur Nazioarteko Turismo azoka Madrilen. Igandera arte luzatuko da eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere lekua izango du bertan. Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, bisita gidatu eskaintza zabala eta geoturismo edota natura-turismoaz gozatzeko hamaika aukera emango ditu ezagutzera.

Gainera, joan den urtean bezala, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen markapean egongo da Geoparkea Fiturren eta txoko berezia izango du bertan beste bost Geoparkerekin batera: Naturtejo (Portugal), Sobrarbe-Pirinioak (Huesca), Villuercas-Ibores-Jara (Extremadura), Las Loras (Burgos-Palentzia) eta Lanzarote (Kanariar Uharteak).

Euskadiko standaren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko Fiturren bildu dira gaur goizean Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak. Haiekin batera izan dira hiru herrietako turismo bulegoetako arduradunak eta Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Bihar, osteguna, UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo eskaintza aurkezteko ekitaldian parte hartuko du Geoparkeak. Aurkezpena Andaluziako standean egingo da, 16:00etan, eta bertara hurbilduko da, besteak beste, Munduko Geoparkeen Sareko presidentea, Nickolas Zouros. Egun espainiar estatuan dauden hamaika Geoparkeak biltzen dituen argitalpena aurkeztuko dute.