Geoparkeko mendien sorrera ezagutzeko mendi ibilaldia larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2017ko abe. 11a, 16:15

Itziarko plazatik abiatu eta Lasturren amaituko da ibilaldi gidatua, bertako tabernan mokadutxo bat eginez. Doan izango da.

Mendien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi ibilaldi gidatua antolatu du larunbaterako, hilak 16, Geoparkeko mendien sorrera ezagutzera emateko. Itziarko plazatik abiatu eta Lasturren amaituko da ibilaldia, bertako tabernan mokadutxo bat eginez.

Itsaslabar ikusgarriez harago, Geoparkea mendiz osatuta ere badago. Ibilbidean zehar, ingurunea ederki ezagutzen duten adituen azalpenak entzunez, mendi hauek gordetzen dituzten sekretuak hurbiletik ezagutzeko aukera izango da, nola sortu ziren, zergatik dute egun duten itxura, bertan aurkitzen diren altxor ezkutuak…

Goizeko 9:00etan Itziarko plazatik abiatu eta Arbil mendiaren gailurreko balkoi-begiratokian egingo dugu lehen geldiunea bertako panoramika zoragarriaz gozatzeko. Ondoren, Lasturko bailara karstikora jaitsiko gara bertako kanaletik. Lasturko tabernan mokadutxoa egin eta autobusez egingo dugu itzulerako bidea Itziarrera.

Guztira, bazkaltzeko denbora eta autobusa kontuan hartuta, 4 ordu eta erdiko ibilaldia izango da (9:00etatik 13:30era). Ibilbideak 6,6 kilometro ditu eta gora 269 metroko desnibela du eta behera, berriz, 399 metrokoa.

Ezbairik gabe, larunbatekoa aukera ezinhobea izango da Geoparkearen eraketa geologikoa ulertzeko, Andutz edota Arno mendien osatze-prozesuak ezagutzeko edota Lasturko bailara ezkutua deskubritzeko.

Irteera euskaraz izango da, eta doan. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 192 452 telefonora deituz (Debako Turismo Bulegoa) edota turismo@geoparkea.com epostara idatziz.