Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du gaur, Deban

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2017ko mai. 19a, 15:15

Geoparkearen Batzorde Zientifikoa jakintza-arlo desberdinetan diharduten 29 adituk osatzen dute.

Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, gaur, ostiralez, Debako Agirre Jauregian, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin du.

Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zaie batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu da. Batzorde Zientifikoa funtsezko bitartekoa da Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia emateko, baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko ere.

Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eman die ongi etorria kideei. Bileran Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ere parte hartu du.

Geoparkearen Batzorde Zientifikoa jakintza-arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute, Stanley Finney geologo entzutetsua buru dutela. Finney, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da eta IUGSeko Idazkari Nagusia (International Union of Geological Sciences).

Hain zuzen ere, atzo, hilak 18, Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak harrera egin zioten, Donostian, Stanley Finneyri. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso, eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Asier Hilario. Ondoren izandako bileran, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferente izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Aldundiak eta Geoparkeak.