Donostiako Olatu Talka Jaialdian hartuko du parte Geoparkeak, UrbanZientziaren egitarauaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2017ko mai. 15a, 15:29

Zientzia eta kultura uztartuko dituen Geo-Talks ikuskizuna antolatu du Geoparkeak ostiralerako, hilak 19, Donostian.

Zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo dute ostiralean, maiatzaren 19an, Geo-Talks izeneko ekimenean, Donostiako Olatu Talka jaialdiaren baitan. Ekitaldi hau Teknahik zientzia kalean zabaltzeko asmoz antolatu duen UrbanZientzia ekimenaren programazioaren barruan egingo da.

Saioak 10 minutuko hitzaldi zientifikoak hartuko ditu izen handiko sei adituren eskutik, denak Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak. Euskal Kostaldeko Geoparkearen balioak ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dituzte hizlariek, bakoitzak bere ezagutza eta lan esparrutik.

Hauexek hizlariak eta eskainiko dituzten hitzaldiak:
- “Lurraren historiaren liburu aparta”. Stanley Finney. IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna)
- “Itsas-hondo haien arrasto misteriotsuen atzetik”. Juan Carlos Gutierrez, CSICeko paleontologoa (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea)
- “Chicxulubetik Zumaiara. Meteorito hiltzailearen aztarnak”. Estibaliz Apellaniz. EHUko paleontologoa.
- “Mareagora, mareabehera; muga-mugan biziz”. Jon Zulaika. Gipuzkoako Foru Aldundiko biologoa.
- “Igaro berri den klimaren kutxa beltza. Gure kobazuloetan barrena bidaia”. Arantza Aranburu. EHUko geologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.
- “Gure lehengusu-lehengusinak, cromagnonak”. Xabier Peñalver. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa.

Zientzialariekin batera, ekitaldian parte hartuko dute Inazio Tolosa eta Esti Curiel aktoreek, Ander Hormazuri eta Juanlu Blanco txalapartariek, Maialen Belarde bertsolariak, Beñat Fernandez musikariak eta Josu Maroto marrazkilariak. Inazio Tolosaren zuzendaritzapean, ekitaldia osatuko dute sormena, bizitasuna eta freskotasuna gaineratuz.

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan, eta 90 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Sarrera librea eta doakoa izango da.

Ekitaldi honek emango dio hasiera aurtengo Europako Geoparkeen Asteari. Geoparkeen Astea ekainaren 4ra arte luzatuko da eta orotariko ekintzak eskainiko dira Deban, Mutrikun eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan.