Europako Geoparkeen Sarearen 37. Koordinazio Batzarra egingo da Geoparkean bihar hasi eta larunbatera bitarte

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2016ko mar. 15a, 13:18

Lau egunez Geoparkea geokontserbazio eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan. Geoparkeen Europako Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak, UNESCOko goi ordezkariak eta nazioarteko adituak bilduko ditu.

Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean bilduko dira martxoaren 16tik 19ra, Geoparkeen Europako Sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzeko. Bilera hau bereziki garrantzitsua da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra izango baita UNESCOren izendapena jaso ondotik. Hain zuzen ere, pasa den azaroaren 17an onartu zuen Unescok izendapen berria sortzea, Parisen egin zuen bileran. Egunotan Geoparkean egingo den batzarraren helburua da Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea.

Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi jatetxean egingo da, Deban.

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartuko ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkariak hurbilduko dira gurera. Lau egunez Euskal Kostaldeko Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan.

Albaolara eta Donostiara bisita

Europako Kultur Hiriburutzarekin lotura izango du batzar honek. Hala, ostegunean, hilak 17, Donostiara bisita egingo dute bildutakoek. Bertan Eneko Goia alkateak harrera egingo die Udaletxean eta Miren Azkarate udaleko Kultura zinegotziak DSS2016 ekimenaren berri emango die. Aurretik, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatuko dute.

Geoparkea ezagutzeko irteera larunbatean

Batzarrari larunbatean emango zaio amaiera, hilak 19, Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin. Bisita honetan, Geoparkean egin diren kontserbazio jarduera ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Amaitzeko, gure kultura eta sustraitutako tradizioak ezagutuko dituzte. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen erakustaldiaz gozatu ahal izango dute.