Geoparkeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute Ornitho.eus ataria sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2016ko mar. 7a, 19:51

Herritar orori zabalik dagoen zientzia atari honen inguruko formazio saioak eskainiko ditu Geoparkeak Mutrikun, Deban eta Zumaian.

Ornitho.eus herritarren partaidetzari irekia dagoen zientzia ataria da eta Euskal Autonomia Erkidegoko naturari buruzko informazioa biltzeko eta zabaltzeko helburua dauka. Plataforma hau Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste hainbat eragileren laguntza jaso du, horien artean, Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Sinatu berri den hitzarmenaren bidez, interneteko plataforma hau zabaltzeko konpromisoa hartu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta, hemendik aurrera, Geoparkeari buruzko datuak kudeatzeko aukera izango du. Plataformaren inguruko formazio saioak ere eskainiko ditu Geoparkeak Mutrikuko, Debako eta Zumaiako herritarrei zuzenduta, oraindik datak zehaztu gabe badaude ere. Saio hauen bitartez, espezieak identifikatzen eta plataformaren erabilera erakutsiko zaie herritarrei.

Ornitho plataformaren bitartez, bizidun-taldeen aipuak erregistra daitezke. 2015ean esaterako, 65.000 aipu erregistratu ziren, hegaztienak gehienak. Baina badira, baita ere, anfibioak, narrastiak, ugaztunak, itsas ugaztunak, burruntziak, tximeletak, Asiako liztorra eta zebra-muskuilua.

Mugikorretik aritzeko app-a ere martxan da: Naturalist (Android gailuetarako).