Geoparkeak Europako Geoparkeen Sarearen 37. Koordinazio Batzarra hartuko du martxoan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2016ko ots. 11a, 14:29

Europako Geoparkeen Sarearen 37. Koordinazio Batzarra hartuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren martxoaren 16tik 19ra. Bertan bilduko dira UNESCOko eta Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak, 23 herrialdetakoak. Bilkura Itziarko Salegi jatetxean egingo da eta guztira 130 lagun elkartuko dira.

Leire Barriuso Geoparkeko gerentearen hitzetan, “batzarra Geoparkean egitea aukera bikaina da, bai nazioarte mailan izango duen oihartzunagatik, bai Geoparkea osatzen duten hiru herrietan -Mutriku, Deba eta Zumaia- ekonomikoki izango duen eragin positiboagatik”. Halaber, bilkura Donostiako Kultur Hiriburutzarekin lotuko da eta martxoaren 17an bisita egingo dute Donostiara.

Azpimarratzekoa da hauxe izango dela Europako Geoparkeen Sareak UNESCOren izendapenaren ondotik egingo duen lehen batzarra. Gogoratu, 2015eko azaroaren 17an UNESCO osatzen duten 195 estatu kideek erabaki zuten gaur egun munduan dauden 120 geoparkeak “UNESCOren Munduko Geoparke” izendatzea.

Europako Geoparkeen Sareak urtean bi aldiz egiten du kide guztien arteko batzarra, egindako ibilbidea eta aurrerapausoak aztertu eta kideen arteko jarduera eta programak koordinatzeko.