Euskal Kostaldeko Geoparkea, Donostia 2016 inauguratzeko ekitaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2016ko urt. 22a, 12:26

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, igandean, Donostian, Unesco Etxeak antolatutako Zubietatik Ozenki ekimenean parte hartuko du, kultur hiriburutza inauguratzeko asteburuan egingo diren ekitaldien baitan.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldien programaren baitan, Unesco Etxeak Zubietatik ozenki, la virtud de un puente ekimena antolatu du datorren iganderako, urtarrilak 24. Euskal Kostaldeko Geoparkeak parte hartuko du ekimen honetan, beste erakunde batzuen artean.

15 lagunek 15 testu irakurriko dituzte hizkuntza ezberdinetan Urumea ibaiaren gaineko zubietan oinezko ibilbidea eginez, J.A. Agirre zubian hasi eta Zurriolako zubiraino.

Geoparkearen izenean Asier Hilariok, bertako Zuzendari Zientifikoak, irakurriko du testua, Zurriolako zubian, zubiek topagune gisa duten garrantzia azpimarratuz eta kulturen arteko elkartze-gune gisa aurkeztuz.

Ibilbideari Amara Plazan emango diote hasiera, 12:30ean, eta 14:30ean amaituko da Kursaaleko zabalgunean.