Gabonetarako bisita gidatuen eskaintza berezia egin du Euskal Kostaldeko Geoparkeak

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2015ko abe. 17a, 16:53

Bisita gidatuak hurrengo egunetan eskainiko dira: abenduak 26 eta 27, eta urtarrilak 2, 3, 7, 8, 9 eta 10. Denera Geoparkeak 11 proposamen antolatu ditu eta jada erreserbak egin daitezke.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ez du Gabonetan itxiko. Zumaia, Deba eta Mutrikuko herriek osatzen dute Geoparkea eta, lehendabiziko aldiz, datozen Gabonetako oporretarako bisita gidatuen eskaintza zabala prestatu du.

Proposamen hauei esker aukera anitz izango dugu Euskal Kostaldeko Geoparkeko ondare geologiko, kultural eta naturalaz gozatzeko, berriki UNESCOren Munduko Geoparke izendatua.

Bisita gidatuak hurrengo egunetan eskainiko dira: abenduak 26 eta 27 eta urtarrilak 2, 3, 7, 8, 9 eta 10. Denera, 11 proposamen antolatu dira. Geoparkeko flyscharen labarretatik itsasontziz nabigatu ahal izango dugu Lurraren historia itsasotik deskubritzeko, ibilbide kulturalek monumentu eta eraikin adierazgarrienak ezagutzeko aukera emango digute edota euskaldunen itsas tradizioa ezagutu ahal izango dugu.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta ordutegiak Geoparkeko webgunean www.geoparkea.com kontsulta daitezke eta erreserbak jada egin daitezke on line edota Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetara deituz.

Bisitarien kopuruak gora egin du
Bisitarien kopurua gorantz doa Euskal Kostaldeko Geoparkean. Aurten Geoparkeko bisita gidatuak egin dituzten lagunen kopuruak %44 egin du gora, aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira, abenduko datuak ixteko zain, 9.483 lagunek hartu dute parte Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.

Gero eta gehiago dira Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzera datozen bisitariak eta dagoeneko 2016rako programazioa lantzen hasia da Geoparkea. Programazio zabala, anitza eta erakargarria, bertako ondare geologiko, natural eta kulturalaren dibulgaziorako. Gainera, zalantza gabe, duela gutxi eskuratu den UNESCOren izendapenak bisitari gehiago erakarriko ditu Zumaiara, Debara eta Mutrikura.