Julian Andikaren ERREDOCIA

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2022ko mar. 3a, 16:13

Kattanek sarritan errietan egiten dit, batallitak kontatzen hasten naizenean. Agian mende erdira gerturatzearen ondorio bat izango da. Martxoaren 3ko nere bitxikeri bat dakarkizuet gaurkoan.

Goizeko bederatziak hor nonbait, Amaia plazako Aita Mari A.Eko egoitza zaharrean elkartu gara. Bagoaz Aristi eta Kantoiaren aginduetara Pasai Sanpedrora, batel estropadetan parte hartzera (nere lehendabizikua). Txalupak erremolkean DODGE zahar batek tirata. Eta 25 arraunlari gaztetxo, nola eraman Pasaira. Une horretan, kirol talde askotan bezala, guraso eta bolondresen lana ikusten da. 

Julian Andika han agertu zen, bere erredocearekin (R12) gu eramateko prest. Kotxean sartu ginen Peloia, ni, Gasbitx eta Mayeski. Urduri xamar geunden, baina pozik. Peloia eta Julian berriketan hasi ziren gu lasaitzeko asmoz. Zarautz, Donostia, Pasaia, eta ohartzerako Hondarribiko autopista irteeran geunden. Handik berriz Pasai Sanpedrora, ozta-ozta estropada hasi baino 20 minutu lehenago iritsi ginen. Batela bizkarrean, arranplan behera, estatxa hartu eta baaa!!

San Juan eta Fortunarekin aritu ginen txandan. Emaitza ona izan zen hurrengo estropada jokatzeko amorru biziz etorri baiginen etxera, Julian Andikaren erredocian.

Eta Julian bezelako bolondresei esker, hainbat gaztetxo beren kirol jardueretan aritzen dira. 

(Bai Kattan aspaldiko batallita, 1985eko martxoaren 3an izan zen hau)