Geoparkeko basapiztiak

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2021ko eka. 13a, 12:49

Egun hauetan turista andaluziar batekin hizketan aritu naiz. Ohiko aholkuak eman ondoren, non bazkaldu, zer ikusi, agurtu gara. Baina bere hitz batzuk ekarriko dizkizuet, bere hizkuntzan: " ehj una alegria, ve a tanta xabaleria hasiendo deporte". Baina gehien txunditu duena, errepidean txirrindulariei diegun errespetua izan da.

Geoparkeak duen aberastasuna handia dela esan beharrik ez dago, historia, geologia, eta faunari dagokionez. Itsas bazterrean izurdeak, itsas txakurrak, olagarroak, txoaskinak, andarikak, ixkirak itsas arranoak edo maolioak ikus ditzakegu. Lastur eta Itziar inguruko basoetan basurdeak, orkatzak, azeriak, satorrak, beleak, zapelaitzak edo ur txakurrak ikus ditzakegu. Haietako inor ez da arriskutsua, nik dakidanez.

Bada, ordea, basapiztia arriskutsu bat. Azkenaldian bakandu den arren, oraindik bat edo beste agertzen da zoritxarrez. Bi hanka ditu eta lau gurpilen gainean dabil, edonora joateko. Gaur horietako batekin topo egin dut eta beldurtu egin naiz une batez, baina bere atzaparretatik ihestea lortu dut.

Igande goizetan ohikoa dudan gisan, bizikletan ibiltzera atera naiz, eta Azpeititik joan etorria egin ondoren, Itziar gainera igotzea erabaki dut. Arroako errotondan (biribilgunea Usabiagaren hizkuntzan) Itziar gainera bizi-bizi joatea erabaki dut. Ederki joan naiz, eta bakarrik beti ere. Itziarko errotondara iritsi naizenean, ordea, lau gurpilen gainean dabilen basapiztia horietako batekin topo egin dut. Agian bere abiadura marka hausteko oztopo izan naiz, edo agian lantokira berandu iritsi da nire erruz (ez dut uste). 

Hizkera gorrotagarri batekin agurtu nau eta nik etxerako bidea hartu dut. Ozta-ozta alde egin dut bere atzaparretatik, bestela, lepauztaia baino zerbait gehiago hautsiko zidan. 

Badakit lerro hauek irakurtzen ari zareten bati baino gehiagori, txirrindularien errepideko portaera ezegokia etorri zaizuela burura, baina gai hori beste egun batean jorratuko dugu.

Ni turista andaluziarraren hitzekin geratuko naiz.

Bitartean tapa pala eta gortu balantza!!