Zumaiako hitz bereziak: KONTZEJUETXE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mai. 26a, 10:39
Kontzejuaren ezkerrean Jaungoikotxikieneko denda, eskuinean Bonifazioenekoa, 1963ko argazkian. (Indalecio Ojanguren, Gure Gipuzkoa)

Udal hauteskundeak izango ditugun aste honetan, oso lotura zuzena duen hitz bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Udaletxeari “kontzejuetxea” edo “kontzejua” deitzen zitzaion garai batean Zumaian. Erdi Aroan toki bateko biztanle guztien batzarra zen kontzejua, komunitatearentzat garrantzia zuten gaiak aztertzeko egiten zena; gaur egun,  Araban eta Nafarroa, udalerri baten barruan nolabaiteko autonomia duen herria edo herri multzoari ere esaten zaio kontzejua.

Gipuzkoako eta Bizkaiko herri askotan Udalari eta udaletxeari esan izan zaio “kontzejua”, eta ezagunak dira “kontzejupean” (udaletxeko arkupetan) jokatzen ziren pilota partidak, esaterako Azkoitian edo Oiartzunen. Bertsozale batzuei ezaguna egingo zaie Udarregiren bertso hasiera hau ere: Kontzejura etorri naiz paper baten bila

Baleike aldizkariko artikulu batean Imanol Azkuek azaldu zuen medikuak “derrama” izeneko zerrenda bat egiten zuela, zerbitzua ordain zezaketen herritarrak jarrita, zeinek eta zenbat pagatu behar zuen adierazteko. 1856an horrelako zerrenda bat egin zuen botikariak ere, eta 5. orrialdean agertzen da CONCEJUECHEA, eta han bizi zen Manuel Echeverriaren kuota 4koa zela, 5. klaseko etxeari zegokiona.

2017an Arantxa Aizpuruak kontatutakoa da beste hau, familiari buruz ari zela, eta garai batean bizitokia ere izan zela erakusten du:

  • Gure ama eta senide guztiak jaio ziran kontzejuan. Bere belaunaldi aurrekua, nere amama ta, amaxtarrak, jaiotakuak dira kontzejuan baita’re. Aiuntamientuan, udaletxian. Aguazila zan aittona.

Gaztelaniaz “casa concejil” ere erabiltzen da udaletxeari esateko, “concejal” izena ere horrekin lotutakoa da, eta Udalaren lurrei esateko “tierras/terrenos concejiles” askotan agertzen dira agiri zaharretan. Toponimian ere utzi ditu arrastoak, eta Kontzejubaso izeneko toki bat ageri da mugarriei buruzko 1584ko testu batean:

  • Que dentro del dho mes, ò dos a lo largo, sean obligados à visitar los mojones de su Jurisdicción especial los de Antequera à Picote, y el Conceju-basso, y lo de la cuesta de Azcoain, y Narruondo.