Zumaiako hitz bereziak: KOLAIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mar. 31a, 08:45

Marrazo txiki baten tankera du kolaioak.(Argazkia:Wikipedia)

Santelmoak gainera datozkigunez, arrantza giroko hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Toila baino txikiagoa eta katuarrainaren antzekoa den arrain mota bati esaten diogu Zumaian eta inguruan “kolaioa” (ahoz “kolaidxua” edo “kolayua”). Izen zientifikoa Galeus melanostomus da, eta gaztelania colayo/olayo/bolayo/golayo, bocanegra edo pimpido esaten zaio. Zarautzen ere “kolaio” deitzen zaiola dio Txilikuk bere Antigoaleko hiztegian, eta beste izen hauek ere erabiltzen dira euskaraz: itsuki/itsugi eta pinpirin/pinpiño. Ondarroan “kolaxu” esaten zaio eta Mundaka aldean “kolaidxo” edo “itxukidxe”.

Jexux Gorostolak eta Akelino Osak azalpen politak ematen dituzten Ahotsak.eus guneko bideo batean. Haien arabera, “kolaidxua” itsasoan kanpo aldean harrapatu izan dute, sarearekin gehiago. Zumaian ez, baina beste toki batzuetan bota egiten omen zuten (Getarian eta Ondarroan, esaterako).

Ba omen zegoen ohitura etxean kolaioak lehortu eta jateko, eta Baleike aldizkariaren 213. zenbakian jasota dago kolaioak bezalaxe “mielkak” ere lehortzen zirela Zumaian, eta horren inguruan industria bat garatu zela XVIII. inguruan. Akelinok kontatutakoaren arabera, “Jesu Kristo gurutzean bezalaxe” lehortzen ziren kolaioak, buztanetik zintzilik jarrita, Cudilleroko (Asturias) argazki honetan bezala. Lehortutakoan egosi eta errefritoarekin jaten zen gehienbat, eta batzuetan gisatuan ere bai, patatekin.

Ondarru berbetan lanean jasota dago arrantzaleentzat neguak beltzak, gogorrak eta luzeak izaten zirela, kolaioak balkoietan egoten zirela zintzilik lehortuta, behar zenean patatekin ipinita jateko, neguko gosea kentzeko: Lena besteik ixe ezeuanin kolaxu-be gozu patatakiñ (Garai batean, besterik ez zegoenean, kolaioa ere gozoa izaten zen patatekin). Mehatxuetan ere erabiltzen omen dute: Kolaxu baño sikua engozattut (Akabatu egingo zaitut). Bestelako konparazioak egiteko ere bai: Kolaxo siku baño argalaua (Kolaio lehorra baino argalagoa). Francoren garaian, egun seinalatuetan, frankistak ziren familietako balkoietan Espainiako banderak (piperpotoak) zintzilikatzen zituztenean, kolaxuk sikatzen zeudela esaten omen zuten.

Arrantzaleentzat ere kolaioak ez zeukan balio handirik, eta horren seinale da eusko gudariek Gerra Zibilean abesten zuten bertso hau, Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite diskoan jasotakoa:

Legatz kokotxak eta / txipiroi goxuak

ez dizkitek ez jango / faszista faltsuak

au amaitzen danian / ordun bai kontuak!

Jan bearko dizkitek / kolaio ustelduak!