Zumaiako hitz bereziak: LAKAIN(A)

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mar. 10a, 08:00

Ahoan sartzeko neurri ona du lakainak. (Argazkia: hippopx.com)

Fruitu eta fruta kontuekin jarraituko dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Fruta jakin batzuen atal edo zatiei esaten diegu Zumaian “lakainak” (ahoz “lakañak”). Abelin Linazisorok jaso zuen zerrendan eta zehaztu zigun limoi edo laranja zatiei esaten zitzaiela horrela. Brigida Ibarbiak esan digu Oikian ere erabiltzen dela “lakaina”.

Arratiako hiztegian ere ikusi dugu, definizio honekin: “Zati txikiagotan osatuta dagoan gauzearen atal bakotxa, zatia (laranjearena)”. R.M. Azkuek, berriz, Bizkaian eta Mutriku inguruan jaso zuen “lakaiña” hitza bere hiztegirako, eta hiru adiera hauek eman: 1) Beste adar batetik ateratzen den adaxka. 2) Mahats mordoaren zatietako bat. 3) Fruta eta barazkien barruko ataletako bakoitza (laranja, baratxuria…). Horiez gain, Bergaran eta Eibar aldean beste esanahi batzuk ere ditu: zati txiki edo luzexka, ile soltea (bixarra), hostorik gabeko landarea…

Maria Eugenia Goikoetxeak kontatu digu Beduako amak nola esaten zion:

           Emaian lakaiña naranja horretatikan.