Zumaiako hitz bereziak: LAKATZ

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mar. 3a, 08:03

Ostarren itxura du lakatzak arbolan dagoenean. (Irudia: bizibaratzea.eus)

Mendi inguruneko beste hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Barruan gaztaina daukan oskol arantzadunari esaten diogu Zumaian eta inguruan “lakatza”. Joan den asteko “lokots” hura bezalaxe, Resurrecion Maria Azkuek Zumaian bildu zuen bere hiztegirako, eta Aia eta Orio aldean ere horrela esaten zutela zehaztu; oskol hori zabaltzeari, berriz, “lakatza arrakalatu” esaten zaiola idatzi zuen. Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu oskol berezia izaten dutela gaztainek, eta intxaurrek ere bai: sokolina.

Zarautzen ere erabiltzen da “lakatz”, eta Txiliku idazleak jasota dauka Antigoaleko hiztegian. Beste adiera berezi batzuk ere aipatzen ditu, izenondo gisa “latza, zakarra, goxotasunik gabekoa” esan nahi duela, eta “zakilari ematen zaizkion izen ugarietako bat” ere badela. Bergarako hiztegian beste adiera batekin emana dute, haientzat lakatza “botatako zuhaitz baten adarra” baita bereziki, edo bestela “mentua” edo “kimua”. Beste herri batzuetan “itsas lakatza” deitzen diote itsas triku edo ostarrenari.

Jakoba Errekondori asko gustatzen zaio herriz herri bildutako hitzekin zerrendak osatzea, eta lakatzari deitzeko beste izen hauek ere eman zituen artikulu batean:

  • Morkotsa, ahotza, lopetza, kormutsa, sokala, koskila, mukutza, lokotxa, arbotsa, karloa, mardotsa, koxkola, garbotsa, mutxurra, oskola, arrotxa, atsoa, burutxa, sokorra, lakatza, kuxkuka, kroskoa, kirikioa, mokorra edo morkola.