Zumaiako hitz bereziak: PAOL

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko ots. 3a, 07:31

Parolmuturretik ikuspegi ederra eskaintzen du Zumaiako paolak. (Irudia: Jon Barruetabeña)

Txoko eta hitz ezagun bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kostaldeko herrietako bokaleen ondoan edo itsasmutur batzuetan lagungarri egoten den itsasargiari “paola” esaten diogu Zumaian. Gaztelaniaz ere “farola” erabiltzen da, zenbait tokitan, itsasargiei deitzeko. Abelin Linazisorok ohar hau erantsi zion azalpenari: “Paola hitza Urola bailaran oso arrunta da. Nuarben edo Urrestillan, Zumaian bezala, bizikleta edo motorraren paola esaten da”. Zumaiako Udalak 2000tik 2007ra bitartean argitaratu zuen aldizkariak ere halaxe izena zuen: Paola.

Toponimo edo leku izen bat baino gehiago sortu ditu Zumaiako paolak: Paolaldea (ahoz “Paolaldia”, Amaia plazatik aurrerako auzoa), Parolbidea ("Paolbidia" edo “Paolbiria”, Julio Beobide ibiltokia, ibaiertzeko pasealekua), Parolmuturra (“Paolmuturra”, Talaipetik aurrerako zatia, barra) eta Parolpea (“Paolpia”, Inpernupetik barrara bitarteko zatia, harraldean).

Zumaiako paolari oso lotuta daude carballotarrak, lau belaunaldi aritu zirelako “paolzain” edo "paolero". Baleike aldizkarian erreportaje batean argitaratu zituzten kontu polit batzuk 2016an (sarean 2017an).

2020an, berriz, erakusketa berezi bat egin zuen Ana Román artistak, 3+1 20" izenekoa, eta Amets Arzallusek Zumaiako paolari buruzko testu eder bat idatzi zuen. Sarrerako pasarte bat da hau:

Zumaiako “farolak”, eraiki zutenetik hona, makina bat olatu ezagutu du. Eta olatuen joan galdu ditu harriak eta R bat. Eta euskal hitz askori bezala, hasierako F hori P bihurtuko zitzaion noizbait. Eta ordutik perkusio kolpe batekin hasten da, Paola. Talaimendiko muino horretan, haizearen kilima ufada baino gehiago baita joa. Hitzen musikak beti zerbait esaten du.

Zumaiakoa bakarrik ez, beste herritakoak ere “paolak” dira zumaiarrentzat. Hara Jexux Gorostolak nola azaldu zuen 2008an ahotsak.eus egitasmorako egindako elkarrizketan:

Kostatik juten zian Paolak zenbat ematen ditxun jakiñez: "dan-dan-dan! Matxitxakon gatxibek!" "Dan, dan, dan! Suances!". Kostero horreatik deitzen zixoen, "costeando" ibiltzen zialako.

Jontxu Altzibarrek ere kanpoko itsasargi bati buruzko azalpena eman zuen, 2006ko urtarrilean, Baleike aldizkarian, 140. zenbakian:

Melillara eta bietan ibili nitxuan. Laratxeko paoletik barko amerikanoak pasatzen ikusten giñitien, bigarren gerra mundiala oraindik bukatu gabe zeoan-eta.

Aldizkari horretan beste adibide asko ere badaude Abelin Linazisorok “Gure Zumai zarra” atalean eginda elkarrizketetan, eta Abelinek berak ere aitatu zuen 2009ko maiatzean, 177. zenbakian:

Udaberrixa ezkeo, egualdi onakin, Paolaldea juten gintxuan, ta Talaimendira ixo, o Paolean goixan, o Inpernupen, eskaillera pike batzuk zebek eta han guk egindako ezpatakin ibiltzen gitxuan.

Alizia Perezek, 2008ko urrian, 170. zenbakian:

Etorri da neska hori eta pasiara erten gendun. Zumaiko paola erakutsiko dizut, esan nixon. Lehen paolea gora jutia libre zan eta askotan juten giñan. (…) Paol aldera pasiara juten giñan.

Anjel Osak, 2006ko uztailean, 146. zenbakian, ontziolei buruz ari zela:

Ba, Zubi Haundian, Zakariasekoa. Egurrezko barkuak Aperribai eta hauek eiten zitien. Paol aldian.

Jose Manuel Manterolak, 2005eko martxoan, 131. zenbakian:

Egun batian beraneante batek arranpla bukatu eta paol bidia hasten den toki parean  pezeta bat bota zian.  Plemaa zeoan, maria bizixak eta sonda haundixa.

Irene Yeregik, 2007ko apirilean, 154. zenbakian:

Umetan paolea, gora ere juten giñan. Han talaixeruak katalejo oso luzia eukitzen zun eta han ibiltzen giñan gu pozik handik begira urrutiko barkuak ikusten. Eta paoletik, goitik, Inpernupera ere juten giñan.

Bixente Esteibarrek ere aipatu zuen ahotsak.eus egitasmorako 2007an egindako elkarrizketan, haitzetan arrantzan non ibiltzen zen galdetu ziotenean:

Ni hasi nitxuan estreina Paol aldea, oseake, deitzen zakona Malparaje ta Katoplaza, ta paraje hoidxetan. Geo hasi nitxuan honea, hondartza, Itzuruna. Ta geo, berriz, asko zeara, Algorritik Sakonetaiño.

Akelino Elosuak ere berdin, 2008an egindako beste elkarrizketa honetan:

Bueno, hil zuen bat, baiña guk alde in ta gero-eo, ya ebakuazidxua in da geo-o. Paolen billatu zuen baten bat hilda.

Azken adibide honetan ikusten da itsasargiari bakarrik ez, argi txikiagoei deitzeko ere erabiltzen dela. Teodororo Azkueren kontakizuna da, Goiko koxkatik blogean, inauteriei buruzkoa:

Gu mutil koxkorrak Ixmaelen bueltan ibiltze giñan karnabaletan, eta honek amen soñekua jantzitze zun, arpegiyan ahuntzen arpegiko narruakin eta pasamontañas josita, esku batian paola eta bestian burdin sardia hartuta, gure kaleko festa.