Zumaiako hitz bereziak: ZUAKER

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko urt. 20a, 07:55

Batzuetan Beduolaren lokalean jo eta su aritzen dira zuakerrak edo saihetsak prestatu eta jartzen. (Argazkia: David Juliá Etxabe)

Zumaian ontzigintzak egindako bideari buruz egutegia atera berri du Zumaiako Udalak, eta ontzietako atal bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Egurrezko ontzien egituran gilatik irteten den pieza kurbatuari esaten diogu “zuakerra” Zumaian. Resurrección Maria Azkue hiztegigileak Zumaian bertan jaso zuen hitz hori, eta “costillas de la lancha" jarri zuen gaztelaniazko azalpenean; euskaraz “saihetsa” edo "kostila" ere esaten zaio (Ondarroan “armazoi”), eta gaztelaniaz “cuaderna” da izen teknikoa.

Garai batean, “gidatu” edo bideratu egiten ziren haritzak, modu jakin batean inausiz,  pieza biribilduak lortzeko. “Ipinabarrak” esaten zaie gidatutako zuhaitz horiei eta Albaola itsas kultur erakundeak “zuroker” deitzen die oro har pieza kurbatu edo oker horiei, eta ontzietako saihetsei ere bai.