Zumaiako hitz bereziak: BAHIA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko abe. 2a, 10:30
Benito Etxabe “bahia” bizkarrean hartuta, 1995ean, Gorostiagaundi baserriaren atarian. (Argazkia: Baleike)

Angulak harrapatzeko (eta gutxi batzuek jateko) garaia izan ohi da hau, eta horretarako balio duen tresna ezagun bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Angulak harrapatzeko erabiltzen den lanabesari esaten diogu Zumaian “bahia” (h-rik gabe ere idatzi izan da). Hiztegietan “bahe” agertzen da, eta gure inguruko bereizgarria da amaierako -a eta guzti erabiltzen dugula beti: “bahia luzia” esango genuke, “bahe luzea”-ren pareko. Aginagan liburu bat argitaratu zuten errioko jarduerei eta hitzei buruzkoa, eta horrelaxe definitzen du “baya” (bahea): hondo saredun lanabes borobila kirtenarekin, angulak harrapatzeko tresna nagusia. Kirtenik gabeko baheari, eskuz erabiltzen denari,  “galbahia” (galbahea, gari-bahea) esaten diogu.

Ohi bezala, Baleike aldizkarian topatu ditugu adibide batzuk, esaterako 19. zenbakian landutako erreportajean, 1995eko abenduan:

Hondotik angula gehiago harrapatzen da, baina lana ere gogorragoa da; baia handiagoak direnez askoz gehiago kostatzen da hauek ateratzea. Horregatik orain batzuek makina hidraulikoak erabiltzen dituzte baiak jasotzeko. (..) Motorrak zenbat eta potentzia gehiago izan, baia handiagoak mugitzeko gaitasuna izango du.

Urtean zehar itsasoan arrai txikitan ibiltzen diren motora hauek prestatzea kosta egiten da: baiak egin behar dira, hauei sareak jarri, baien euskarriak jarri motoran… (…) Itsasbehera edo bajamarra izan eta 2 ordu ingurua hasten dira arrantzan: galtza-zirak eta arropa egokia jantzi, baiak prestatu, fokoa piztu eta aurrera!

Aldizkari horretan bertan Gorostiagaundi baserriko Benito Etxaberi egindako elkarrizketakoak dira beste bi adibide hauek:

Baia hondoraino bota eta jaso karrete batekin egiten genuen. (…) Uhalak ikaragarriak ekarri zituen; bezperan ez genuen batere hartu, baina gau hartan baia bete-betean hartzen genuen.

2007an Benitori beste elkarrizketa bat egin zioten ahotsak.eus egitasmorako, eta nola aritzen ziren azaldu zuen:   

–Eta zu nola, nola aritzen ziñan? Txalupakin eo bahiakin o?

–Txalupakin. Txalupakin ta bahiakin. Bueno, eskuz. Motorrik gabe.

–Eta nola iten da?

–Sartu hola ta ra!, atea, ta blat!, hustu, ta ra! sartu ta atea ta hustu ta. Bat baldin badao´re hustu in behar. Ta bate ez baldin bada, atzea.

Artadi aldean bakarrik ez, Brigida Ibarbiak 2007an kontatu zuen Oikia inguruan ere aritzen zirela “txanaletik” angulatan, bahia kirtenetik hartuta.