Zumaiako hitz bereziak: APOPILO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko urr. 14a, 09:00
Argazkia: Jesus MÂȘ Arzuaga, guregipuzkoa.eus

Garai bateak ohikoa zen etxe askotan apopiloak hartzea.

Lanerako tresnak utzi eta etxeko egonaldiekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Nonbait (ostatuan, etxe edo familia batean…) ostatu hartuta dagoen pertsonari esaten diogu Zumaian eta beste herri askotan “apopilo” (ahoz “apopillo”).  Hizkuntza erromanikoetatik datorren izena da, “pupilo”-rekin lotua. Zarautzen ere esaten da, eta jasota dago Txiliku idazlearen Antigoaleko hiztegian. Zestoan ere berdin, eta “apopillo egotea” zer den ere azaltzen du, alegia, nonbait ostatu hartuz egotea: Lagunan etxian eon giñan apopillo.

Abelin Linazisorok elkarrizketa egin zion Karmelo Zendoiari, “Gure Zumai zarra" atalean,  eta adibide hauxe topatu dugu Baleike aldizkariaren 159. zenbakian:

Aittak Arruan ferrokarriletan lana eiten zian, baskuetan, eta apopilo Azkuenian ziuan, eta harena jun gitxuan Urolako tranbian,

Pello Etxabek 2017an artikulu bat idatzi zuen baleike.eus wegunean, eta handik hartua da hau:

Azkenengo urteetan zehar Udal artxiboan egin ditudan bilaketen albo emaitzak bezala gordeta neuzkanak aztertzen hasi naiz eta, beste batzuen artean, 1924-1927 bitarteko Zumaiako hotel eta ostatuetako apopiloen buletinetako informazioarekin topo egin dut.

Imanol Azkuek Baleikeko “Orduan bai” atalean Libe Alkiza elkarrizketatu zuenekoa da beste hau:

Ikastolako irakasle batek, Jesus Mari Aranburuk, lo egiteko lekua behar zuela eta, urte batzuk egin zituen ormazuri-alkizatarren etxean apopilo, eta beste batzuk ere izan ziren haren atzetik.

Felix Zubia medikuak hitzari esanahia pixka bat zabaldu zion  koronabirusaz idatzi zuenean:

Ez dugu berehalakoan ahaztuko 2020. urte hau. Asko uste ez genuela, izurrite bat iritsi zitzaigun, eta hemen daukagu apopilo, noiz joango den argi ez dugula, nahiz txertoek itxaropena zabaldu diguten.

Azkenik, Zumaian kokatutako Jesusa Gipuzkoakoa eleberriaren hasieran ere agertzen da hitz hori:

Apopiloa galtzeko beldurrez, etxean izua nagusitu zen. Ahotsak berriro altxatu ziren, ozen.

—Zortzi pezeta bakarrik, jauna! Zortzi pezeta!

—Altzariak, izara garbiak, zerbitzu osoa barne!

—Eta egunero lau jatordu!