Zumaiako hitz bereziak: OKOILO-ATXUR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko urr. 7a, 10:00

Hortzak behera begira dituen sarde itxurakoa da aitzurraren muturra. (Argazkia: Antigoaleko hiztegia)

Lanerako tresna bat ekarri dugu aste honetan ere. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ukuilurako erabiltzen den aitzurrari esaten diogu Zumaian “okoilo-atxurra” (ahoz “okollotxurra”). Oikian antzera esaten da, “okoilu-atxurra”, eta Zestoan “okoillatxur” deitzen diote. Lau hortzeko aitzur bat da, sarde itxurakoa, eta gehienbat ukuiluko lanetarako erabiltzen da, azpiak ateratzeko-eta; hala ere, kanpoko lanetarako ere balio du: simaurra soroan banatzeko, belarra ondo kokatzeko, etab. Barandiaranek idatzia da Murumendiko dama “ikullu-atxurrarekin” ilea orrazten ikusi zutela askok.

Motxenea kale-baserriko Teodoro Azkue zenak Goiko koxkatik blogean 2012an idatzitakoa da adibide hau:

- Gu mutikoskorretan hiru egun leno haste giñan sasi-karretuan, gure aihotzakin. Eta sasiyak arrastaka karriatzeko, berriz, okollotxurra erabiltze gendun.

Harraldeko arrantzan ere erabili izan da aitzur berezi hau, hala azaldu zuten 1990eko mahai-inguru batean Itziar Trekuk eta Erramun Manterolak: 

- Hamarrak’e bai urte batian, zenbat hamarra harrapatu zian Zumadxan, okollo atxurrakin.

- Behin batian hemezortzi zontollo haundi hartu genduzen okollo atxurrakin.