Zumaiako hitz bereziak: MAULIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko api. 26a, 07:44
Zumaia inguruan asko hartu eta jan izan dira maulioak. (Argazkia: Asier Sarasua)

Santelmoei hasiera emateko, itsas giroko beste proposamen bat ekarri dugu gaur. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Itsasertzeko haitzetan bizi den barraskilo txikiari deitzen diogu  Zumaian “maulioa” (ahoz “maulidxua” edo “mauliyua”). Hiztegietan “magurio” agertzen da eta sinonimoa da Donostialdean erabiltzen duten “karrakela” ere. Asier Sarasuak zerrenda bat egin zuen beste herri askotako formak bilduta: maguridjo (Bermeo eta Mundaka), mangoliño (Ondarroa eta Mutriku), maulixo (Deba), mauliyo (Getaria eta Zarautz), karrakela (Pasaia eta Donostia), karrakailla (Orio),malla (Hondarribia), etab. Gaztelaniaz “bígaro” esaten zaio.

Zumaiako adibideei dagokienez, Trini Bidasorok 2004ko urrian Abelin Linazisorori Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean kontatutakoa da hau:

Orduan haitzian jende asko ibiltzen huan. Txoazkina, lapa, olarrua, andarika, maulixua, ixkira… Ibili beharko!

Atal berean Jexux Etxabek 2004ko abuztuan esandakoa da beste hau:

Haitzera ere juten ginttuan, bai, lapa, maulixua, txoazkinak… Ahal zunak ahal zun tokira.

Bixente Esteibarrek 2004ko ekainean esandakoa, berriz, hirugarren hau:  

 Orduan ba al zegoan ezer, ba? Haitzera, maulixo, andarika, lapa, olarru eta txoazkin bila.

Bixente Esteibarrek berak ahotsak.eus egitasmoan kontatu zuen nekosoa dela maoliotan ibiltzea, makurtu eta harriak iraultzen ibiltzea eskatzen duelako:

Orduan in behar izaten dek harridxai buelta eman, ta orduan, ba... Ta bestela, ba, banaka-banaka, billatzen hitxuan bost-sei, o… maulidxo haundi hori, gaiñea. (…) Ez dek zean bezela, olarrutan bezela, kaña sartzen dek ta han billa ibiltzen haiz. Makurtu, ta lan asko in behar izaten dek.