Zumaiako hitz bereziak: MO(R)AKIL

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko urt. 28a, 08:30
Toki batzuetan oraindik ere prestatzen dute morakila. (Argazkia: Jonigoni, Wikipedia)

Egun hotz hauetan ohikoa zen garai batean beheko suan taloak egitea. Antzeko jaki baten berri eman zigun Abelinek, eta horixe ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Uretan arto-irina gatz pixka batekin egosi eta irabiatuz egiten den janari lodiari bat diogu Zumaian “morakila” (ahoz “moakilla”); ahiaren modukoa da, pixka bat sendoagoa eta ez hain fina. Beste herri askotan ere antzeko izenak erabiltzen dira: morokil, morokilo, morikil… Gaztelaniaz “polenta” deitzen zaio. Zestoan eta Azkoitian ere jaso zuten hitza, baina haietan “morokil” esaten dute. Zarautzen ere jaten zen, eta batez ere haurrentzat prestatzen zela dio Txiliku idazleak Antigoaleko Hiztegian:  

 Garai batean umeentzat prestatzen ziren jakien artean daude ahia eta morokila. Biak ere era bertsuak egiten ziren, baina ahia ogirinez egiten zen eta morokila artirinez. Morokila esne bero-berotan nahasia umeentzat jakia izanik, azukre pixka bat ere jarri ohi zitzaion eta jaki gozoaren ospea zuen.

Trini Bidasorok 2004ko urrian  ere erabili zuen, Abelin Linazisorori Baleike aldizkarian emandako elkarrizketan, eta gose garaian funtzio garrantzitsua bete zuela azaldu zuen:

Guk soua ginien. Gero taloak eiteko irina eosi, moakila ein, hura jan eta aurrera. Artairina eiteko Malutonekoak makina bat asmatu zien eta ni haixen etxera juten niñuan artalea pasatzera moakila eiteko.

Anjel Osak ahotsak.eus guneko elkarrizketa honetan  (2:05etik aurrera) azaldu zuen taloak jaten zituztela, baina “moakillak” ere bai, irinak puska larriagoak zeuzkanean batez ere, errazago jaten zelako egosi eta esnearekin nahasita.