Zumaiako hitz bereziak: BIDETXUR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko urt. 14a, 08:55
Merezi du, beti bide zabaletan ibili ordez, bidetxurrak probatzea. (Argazkia: goiena.eus)

Urteko zerrendari ekiteko, mendi aldera joko dugu, Abelinek esandako hitz bat aukeratuta. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Mendiko bide estu edo bidezidorrari esaten diogu Zumaian “bidetxur” (ahoz “bietxur” edo “biatxur”); abereek egindako bidea izaten da batzuetan, eta laburbidea ere izan daiteke, gaztelaniaz “atajo” deitutakoa.

Zestoan ere erabiltzen  dute, eta “bidetxiur” ere esaten dute: “Ta beko estratatik jun berrian, gañekaldeko bidetxurretik abittu zan”. Zarautzen, berriz, gutxi gorabehera “bietxior”, “bietxor/biatxor” ahoskatzen dutela dio Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegian. Elgoibarren “biitxurra” ere erabiltzen dute, eta ahotsak.eus gunean ikusitakoaren arabera, “bidetxurra” ohikoa da Antzuolan eta Bergaran ere.

Zumaiako adibide bat ere ekarriko dugu. Narrondo auzoko arazoez aritu ziren 1999ko urrian Baleike aldizkariaren 61. zenbakian, eta hauxe zioen bizilagun batek:

Ez daukate ezertarako tokirik. Bizikletakin edo jostailuekin hemen, soziedade aurrean, eta horko bidetxurretik gora eta behera ibiltzea besterik ez.