Zumaiako hitz bereziak: INDIZIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko abe. 17a, 11:00
12 urtetik beherako neska-mutilek txertoa indizio bidez jasotzen aukera dute. (Argazkia: Pixabay.com)

Haurrei txertoa jartzen hasi diren aste honetan, horrekin lotutako hitz bat aukeratu dugu urteko zerrenda amaitzeko. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Likido bat gorputzean injektatzeko ekintzari edo horrela sartutako substantziari esaten diogu Zumaian “indizioa” (ahoz “indizidxua/-xua/-yua”). Beste herri askotan ere hala erabiltzen da, nolabait “injekzio” hitzaren era herrikoia dela esan dezakegu.

Lore Albizuk 2008ko maiatzean  horrela erabili zuen, Abelin Linazisorori Baleike aldizkarian emandako elkarrizketan:

Aitta gaixotu zanean morfinen indizixuak neuk ematen nixkon, nei erakutsi ein zien ematen eta ni hantxe, enfermera.

 Abelin Linazisorok berak ere erabili zuen, 2009ko apirilean Imanol Azkueren galderei erantzun zienean:

Bea drogero bezela eon huan farmadziyan, Otañonian, ta geo afiziyua bazian gauza hodxetako, indiziyuak eman’e ematen zizkian… Danetik diru pixkat ateatzen zian.