Zumaiako hitz bereziak: HARRALDE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urr. 29a, 07:57
Algorri inguruko harraldea, itsasbeheran. (Argazkia: Javier Carballo)

Zumaian hasi eta Zarautzera bitartean oso ezaguna den hitz bat ekarri dugu aste honetan, Kaxildo Alkorta getariarra gogoan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Harkaiztiari edo ingurune harritsuari esaten diogu Zumaian “harraldea” (ahoz “harraldia”), bereziki itsasoak bustitzen duenari. Inguruko herrietan hitz ezaguna da, eta Goenkalekoak ere Arralde izena zuen, ez zen alferrik aritu Anjel Lertxundi oriotarra gidoilari. Orain gutxi hil da Kaxildo Alkorta itzultzaile getariarra, eta hara zer idatzi zuen duela urte batzuk  Administrazioa euskaraz aldizkarian:

Hitz hau normal-normala da Getarian eta Zumaian (...). Getariatik Zarautzera kamioz hasi eta ezkerrean, behean, hondartza dago, plaia, Malkorbe du izena. Ondoren haitzak eta harriak, harriak eta haitzak, harraldea, hots, harri aldea, Zarautzeraino (...). Itsasalde edo kostan hondartza eta harraldea, harraldea eta hondartza, ia besterik ez dago. Barrak ere badira ibaiak itsasoratzen diren aldeetan, Oriokoa-eta esate baterako. Hamaikatxo barko txikitu dira haitzetan, arroketan edo harraldean itsaso txarrak hara eramanda. Hiztegi berrietan hondartzak badu sarrera; barrak ere bai. Harraldek ez. Zer dela eta ez ba? Erabiltzen duguna ez jasotzea ere...!

Harralde sartu zuten azkenean hiztegietan, eta horri buruz idatzi zuen Xabier Azkuek gune honetan bertan. Jakinarazi omen zioten Kaxildori, eta seguru poztuko zela.

Nemesio Etxanizek  Arraldea izeneko istorio bat argitaratu zuen 1923an, Zarautzen kokatua. Pasarte batek horrela dio:

Noizbait aitz-artean ziar asi ziran. («Arraldea» zayo izena toki ari, arriz betea dagoalako) ta emakumea gizonagandik al zuen urrutiena zijoan.

Ahotsak.eus gunean ere topatu ditugu inguruko herrietako adibide batzuk. Hasteko, hara getariar baten adibidea:

 Orduan fabrika ez zala, jun, arraldea jun, ta hantxe lapa jana, lapa batzuk jan ta, denboa pasan ta, arratsalde guztiya han bota.

Zarauztar batek, berriz, bideo honetan azaltzen du errepide ondoko ertz guztiari esaten diotela Arralde, eta hondartzaren ondoko haitzei Arraldetxiki.

Zumaiako adibide gehienak beste era batekoak dira; izan ere, arrantza mota batzuetarako oso aproposa da harraldea, batez ere marea biziak direnean. Bixente Esteibarrek hemen azaltzen du txikitatik hasi zela haitzean edo harraldean arrantzan, eta beste bideo honetan, berriz, zer harrapatzen zuten. Joseba Garatek ere kontatu zigun Algorri alde horretan zer arrantzatzen zituzten: ostarrenak, txoazkinak, olagarroak…

Pello Etxabek kontatua da udal artxiboko XIX. mendeko dokumentu batean, "arraldea" hitza erabiltzen zela gaur egun Alondegia dagoen ingurua izendatzerakoan, eta horrek adierazten zuela nolakoa zen parajea hura moila egin aurretik. Imanol Azkuek ere deialdi bat egin zuen izen horri lotuta, 1946ko udal agiri batean, isun bat ezartzeko arrazoietan, hauxe irakurri zuelako:

 D. Jose Eizaguirre Calparsoro de profesión práctico habitante de F. Gorostidi [Erribera kalea] ha cometido la falta de tener abierta la sociedad Arralde choco, fuera de las horas reglamentarias con individuos extraños en el interior.

Itsasbazterreko izena bakarrik ez dela frogatzeko, hara non Benito Etxabek hemen azaltzen duen, itsasbehera baldin bazen, harraldetik joaten zirela Trenzubira, eta handik Gorostiaga aldera.

Azken bitxikeria, herrian hitz honek zuen pisuaren seinale, duela ia 100 urte Zumaiak Arralde izeneko trinau edo traineruarekin hartu zuen parte 1928ko Kontxako estropadan, Karmelo Urrestilla patroi zutela.