Zumaiako hitz bereziak: ZANBUILA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko eka. 18a, 07:59

Igerilari batzuk Donostian zanbuila egiten, 1915ean. (Argazkia: Ricardo Martin, Gure Gipuzkoa gunetik)

Ur kontuekin jarraituta, ekaineko Baleike aldizkarian ikusitako hitz berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Uretara murgil egiteari deitzen diogu Zumaian eta inguruan “zanbuila” egitea; gaztelaniaz oso antzera esaten zaio: “zambullida”. Hondarribia aldean “kapen” egitea esaten diote, eta Zaraitzun eta Erronkarin “kaputz” edo "kaputzete”.

Getarian ere "zanbulla" egiten zuten moilatik uretara, eta ahotsak.eus guneko bideo honetan zehazten dute buruz behera egindako "jauzia" zela, bestela "salto" esaten zaiola. Zarauzko beste lekuko batek kontatu zuen arrantzale batek (Bixente Tximo ote?) itsasoan zer egin zuen:

“Aurreoxio, atzeoxio, honea, bueno, hi, Tximo, jo zanbuilla!”. Ta jo du zanbuilla horrek, arnasian ikaragarri ona, eta agiri ez, ta agiri ez, ta halako batian “dra!”, erten da urrezko errelojua eskuan dula.

ZANBUIA! antzezlana eman zuen Metrokoadroka sormen laborategiak 2018ko uztailean, Eako poesia egunetan. 2019an liburu batean jaso zuten gidoia, eta amaieran adierazten da Zumaiatik hartu zutela hitza:

Esan ziguten Eako umeek uretara botatzeko «zanbuia!» oihu egiten dutela. Lizentzia poetikoa, bizitzaren gezurrak bezalako poesia. Esaten omen da, bai, Zumaia inguruan. Orain guk ere esaten dugu «zanbuia!» uretara jausi egin aurretik. Eta kontziente izango gara uretara jauzi egiten ari garela. Airean hegan eta itsasora. Dena eta guztiaren sorleku den toki horretara, ezer eta guztia den airetik etorria.

Zumaiako adibideetara etorrita, lehenbizikoa Jose Manuel Manterolarena da, Abelin Linazisorok 2005eko martxoan egin zion elkarrizketakoa:

Arranplatik moilara etorri eta handik salto ein behar huan. Alternatiba, igerixan bagekigula ikusteko huan. Hala deitzen gitxuan behintzat. Ur haundira zanbuila ein, igeri ein, eta gero hondotik, sonda haundixa zeon lekutik, koskor bat atera bihar huan.

Bigarrena ere Abelinek jasotakoa da Baleike aldizkarian, Karmelo Zendoiari 2007ko azaroan egindako elkarrizketan. Metaforikoki erabili zuen, noski, “parranda” edo zurrutaldia adierazteko:

Gazte jendien artean oain baino mozkor gehixo izaten huan. Astian zihar ez huan astirik izaten ezertako, ba, eta zapatua libre. Jaixan ere ezin gauza haundirik ein, hurrengo eguna lanea jun behar huan-da. Eguerdixan bakarrik ein bihar zanbuila.

Era berean, Baleike aldizkariaren 252. zenbakiko erreportaje baten sarreran ere erabili zuten gaurko hitza, 2016ko martxoan:

Zumaiako Paola martxan jarri zen garai bertsuan hasi zen lau belaunaldiz paolzaintzara lotuta bizi izan den familia honen historia. Mallorca iparraldean hasi zen dena, mendi tenteek itsasora zanbuila egiten duten parajean, Formentorko itsasargian.

Bukatzeko, adibide berri-berria, Baleike aldizkariaren azken zenbakian, 2021eko ekainekoan, hauxe jartzen du Arnaitz Rubioren argazki dotorearen ondoan:

Kontuak kontu, txertoak txerto, aldaerak aldaera, izango ote dugu uda honetan errioan, itsasoan, bizitzan zanbuila egiteko aukera?