Zumaiako hitz bereziak: PUTXUZULO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko eka. 11a, 08:15

Ezaguna da Santelmoperako brankadan Itzurunen sortzen den putzu-zuloa. (Argazkia: Peio Romatet, zumaia.eus gunetik)

Hondartzako denboraldia hasita, Igorrek eta Izaskunek proposatutako hitz berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Haitzen ondoan edo tartean sortzen den putzuari deitzen diogu Zumaian “putxuzuloa” (ahoz “putxuzulua”).  Beste era batzuetara ere esaten zaio: putxozulo, putzuzulo, potzuzulo, putzuzulo… Hiztegietan “putzu-zulo” ageri da. Haurrentzat igerileku edo bainutoki ederrak izaten dira, eta hondarretan zuloak eginda ere sortzen dituzte. Beste herri batzuetan erreketan edo haitzuloetan sortutakoei ere eman izan zaie izen hori.

Zumaiako adibideei helduta, Xabier Azkueren bertso bat ekarri dugu, Baleike aldizkariaren 223. zenbakian argitaratua,  2013ko uztailean.

Zumaiamiko klima

berezi honetan

eguzki gosez zeuden

umeak benetan

bainua hartzeko prest

Arranplan uretan

edota Itzurungo

potzuzuloetan

udaleku ederra

baitaukagu bertan

 

Bigarren adibidea Gorka Zabaletarena da, hau ere Baleike aldizkarikoa, 278. zenbakian  2018ko uztailean argitaratua:

Garai hartan hasi nintzen, baita ere, aitaren kamerarekin lehen argazkiak egiten, itsasbehera aprobetxatu eta harraldetik Sakonetaraino bide eginez. Beste abentura bat zen hura, eta putzuzuloetan eta brankadetan zegoen bizitza deskubritu nuen.