Zumaiako hitz bereziak: BUZTANBELTX / ANTZARRAI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko eka. 4a, 09:08

Arrain honen bereizgarria da isatseko puntu beltza. (Argazkia: Wikipedia)

Uda hurbiltzen ari denez, itsasoko hitz bat ekarri dugu aste honetan, Gonzalok esandakoa. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Esparidoen familiako oblada melanura arrainari deitzen diogu Zumaian “buztanbeltxa” edo “antzarraia”. Izen arrunta “buztanbeltza” da eta Eneko Barrutiaren arabera, antzeko izenak ditu Bizkaian:” buztanbaltz” Lekeition, “bustenbaltz” Elantxoben eta “bustenbaltz” Ondarroan. Donostia eta Pasaia aldean “kolaka” edo “kollaka” esan izan diote. Gaztelaniazko izen batzuk hauek dira: perpelute (Castron), dorada (Bilbon), virador edo zapatero (Algortan), colanegra (Santurtzin eta Mundakan), popamento (Bermeon) eta chopa.

Gonzalo Torre biologoak azaldu digunez, Kanarietako unibertsitatean ikasten ari zela, Luis Lozano Rey naturalistaren 1952ko Ictiología Ibérica liburuan Zumaiako erreferentzia hau irakurri zuen:

NOMBRES VULGARES: Oblada: doblada; bustambeltza (Guetaria, Zumaya), collaka (San Sebastían); dorada (Bilbao)…

Akelino Osa eta Jexux Gorostola arrantzaleek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaltzen dute txitxarroekin batera nola harrapatzen zituzten buztanbeltxak edo antzarraiak, izkira biziak erabilita. “Antzarrain” agertzen da Orotariko Euskal Hiztegian eta “antxarrain” Azkuerenean, baina arraina zein den zehaztu gabe.