Zumaiako hitz bereziak: PIRRIPARRA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko mai. 14a, 08:46

Bildumagileek oraindik ere gordetzen dituzte ale batzuk (Argazkia: todocoleccion.net)

Mertxek proposatutako hitz berezi bat ekarri dugu aste honetan, aspaldiko jolasekin lotutakoa. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Petardo txikien modura, harriaren edo hormaren kontra arraspatutakoan piztu eta zart egiten zuten kartoitxoei esaten zitzaien Zumaian “pirriparrak”. Pospoloen muturretan bezala, fosforo tanta batzuk zeuzkaten kartoizko zerrendak edo tirak ziren. Hara Mertxek nola kontatu digun:

Izenaren tankerako soinua ateratzen zuten piztuta mantentzen ziren bitartean. Umeak ginela,1950eko hamarkadan, Konfiteroxarrenean saltzen zituzten pirriparrak; mutilek erosten zituzten.

Arritxuk, berriz, azaldu digu makina bat pirriparra erosi zizkiotela Juanita Kirikiri.

Gaztelaniaz izen hauek topatu ditugu: triqui-traques, mixtos restallones, mixtos de crujio, mixtos roseteros, raspas… Ea euskarazko izen gehiago biltzeko aukera daukagun.