Zumaiako hitz bereziak: ZUHATZ

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko api. 23a, 08:25
Belarrarekin edo garoarekin egiten dira zuhatz gehienak. (Irudia: Ander Hormazuri)

Mendi edo baserri inguruko hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Belarrez edo landarez osatutako metari deitzen diogu Zumaian “zuhatza”.  Itxura denez, metari erdian jartzen zaion makila da zuhaitza edo “zuhatza”, eta hortik hartu du izena. Zestoan berdin esaten dute, Deban ere bai (euskara elkarteak Zuhatza izena du), Zarautzen “zugatz”  erabiltzen  dute eta Azkoitian “zuetz”. Ahotsak.eus gunean ikusi dugu Idiazabalen eta Legazpin ere esaten dutela.

Zumaiako adibide batzuk ikus ditzagun orain. Abelin Linazisorok Jexux Iruretagoiena Baxakarte  elkarrizketatu zuen Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean, eta hauxe zioen 2006ko abenduan:  

Garia heltzen zanean, ebaki, eta euri bildurra izan ezkeo souan bertan metatxoak eiten hittuan. Gero, dana ebakitzean, garia hartu, etxe ingurura eaman eta orduan zuhatza haundiagoak eiten hittuan.

Alberto eta Kontxita Urangak emandako beste adibide bat hemen, 2009ko urtarrilekoa:

Rekisatzera ere etorri hittuan. Abixua jaso gendunian, gure nausixak papelak erretzen jardun zian eta guk ahal zana ixkutatzen. (…) Bai, zuhatzen axpixan, metai behetik zulua ein eta balixo haundiko gauzak barroa.

 Ardantza auzoan bada Zuhatzeta izeneko etxetxo bat. Inguruan zuhatzak ez zituzten urruti izango, garai batean.