Zumaiako hitz bereziak: GOIZO

Erabiltzailearen aurpegia

Egunsenti ederrak ikusten dira goizean goizo jaikiz gero.

Ordua aldaketako asteburuaren atarian, Abelinek esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan, denborarekin oso lotutakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Goiz edo garaiz esateko erabiltzen dugu Zumaian “goizo”. Beste herri batzuetan ere erabiltzen dute, Elgoibarren, adibidez, eta  Eibarren “goizago” (edo “goizao”) esaten dute. Zumaiako adibide batzuk topatu ditugu Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian egin zituen elkarrizketetan:

Ixabel Grazia, 2005eko urtarrilean eta otsailean:

Patxi Barrandero. Garai hartan herri guztixa beak garbitu behar eta goizeko lauretako hasten omen zan lanean. Kaleko belarra ttarra-ttarra kentzen hasten zala. Oso goizo.

Haragixentzako ere tarjeta gendun. Ni Txintxoenea junda nao gazte askoik goizean goizo, bostetan-edo, kola eitera.

Jexux Iruretagoiena Baxakarte, 2006ko azaroan:

Goizian goizo jaiki, goizak ez zian barkatzen, erdi lotan jaiki eta goiz osoa lanian, ittulan.

Lore Albizu, 2008ko maiatzean:

Mendira asko juten giñan. Erlo, Andutz eta mendi hauek. Jaixan bazkalonduan

Ertentzen giñun eta, noixeon nox irten giñun bazkixakin ere, baina normalian bazkalonduan goizo samar.

 Joxe Manuel Manterola, 2005eko maiatzean:

Egunian bertan, goizian goizo, laster ikusi ginien Indamendi gainetik Bizkaixan sua. Sua hamen, sua han… Katxaperuak ere bai…

Asko nekatu gitxuan, oso goizo jaikita eta gure moduan asko ia lorik ein gabe mendixetan sua pizten ibili ginalako.