Zumaiako hitz bereziak: ESTREIÑA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko mar. 18a, 12:22
Hitz bereziei eusteko modu bikaina da ontziei eta antzekoei izen horiek jartzea. (Argazkia: Goiz Eder Iturain)

Goiz Ederrek esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Aurrena edo lehenbizi esateko erabiltzen dugu Zumaian “estreiña”. Zarautzen eta Getarian ere erabiltzen dituzte “estreiña” eta “estreiñeko”.

Lehen adibidea Abelin Linazisorok Alberto Urangari 2009ko urtarrilean Baleike aldizkarian egin zion elkarrizketakoa da. Hara zer dioen lehen jaunartzeaz:

Traje marino batekin ein nula. Traje harekin estreina Iñakik ein zian, geo nik, trajia hemendikan eta handikan doblatuta.

Ahotsak.eus egitasmoan ere badaude beste bi adibide. Estreinakoa Irene Yeregirena, aitaren tailerraz ari zela:

Ta geo, Karmelo Unanue, hark iten zitun kalderak eta geo motorrak. Estreiñeko kalderakin ta hasi zan, baiño geo motorrak.

Bigarren adibidea Bixente Esteibarrena da, arrantzan non aritzen zen azaltzerakoan:

Ni hasi nitxuan estreina Paolaldea, oseake, deitzen zakona “Malparaje” ta Katoplaza, ta paraje hoidxetan. Geo hasi nitxuan honea, hondartza, Itzuruna.

Goiz Eder Ituraini eta Julian Amenabarri hitza gustatu eta  ESTREIÑA izena jarri zioten batelari. Hemen ikus daiteke “Tapa pala!” azken denboraldiko atal bateko bideoan.