Zumaiako hitz bereziak: ABARE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urt. 29a, 07:58
Don Vidal abarea 1940an, 7 urteko mutikoen jaunartze egunean. (Zumaiako Fototeka, Sabin Yeregik utzitakoa)

Peiok proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Apaizari esaten diogu Zumaian “abarea” (ahoz “abaria”). Zestoan ere berdin esaten zaio, baina beste herri askotan ezagunagoa da “abade” forma. Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian “Gure Zumai zarra” atalean egindako elkarrizketetan topatu ditugu Zumaiako adibide batzuk.

Lore Albizu, 2008ko maiatzean:

Sermoiak bildurgarrixak izaten zian. Astebeteko sermoiak, animetakuak. Bazan abare bat, neskaak eta mutilak ziala eta ez ziala, izugarrizko bildurra sartzen zuna. (…) Kanpotikan etortzen zian abariak edo praileak astebeteako. Paliza gogorra eman ziguen.

 Karmelo Zendoia, 2008ko urtarrilean:

Beitu diat zein datorren eta abaria bere kapote eta guzti. Andadios! Hau konfesatzera zetorrek! Ordurako bi hilabete pasa nian barruan, jode!, abaria zertara?

 Jose Manuel Manterola, 2005eko apirilean:

Bidian abare batek eta gizon batek: Nora zoazte? Eta guk: Salbokondukto bila filetara juteko. Gu hirurok flakuak eta luziak gitxuan. Abariak guri beitu eta beitu eiten zian.

 Kontxita Uranga, 2009ko martxoan:

Baserrixan ixkutatuta dagola, hango amai okurritu zikok Arruara jutea konfesatzea eta abariari esan ziok ikurrinen kontu hori dana. Abare honek berriz esan ziok hurrengo goizian Zestuara eo Zumaira juteko eta guardia zibilai parte emateko.