Zumaiako hitz bereziak: LINTERNERO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urt. 22a, 08:09
Galdara ez bada iturria konpontzera, tarteka etxera bisitan etortzen dira linterneroak. (kueski.com)

Izen bat baino gehiago dituen lanbidea ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Iturginari esaten diogu Zumaian “linterneroa” (ahoz “linternerua”). Zarautz eta Donostia aldean ere hala deitzen diote, eta badira izen gehiago beste herri batzuetan: hojalatero, fontanero, burmegin…

Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian 2004ko irailean Trini Bidasorori egindako elkarrizketakoa da adibide hau:

Gure aittak Itzun gainian soua zian eta patata, tipula, porrua… eiten ginien. Linternerua ere bahuan. Nik 10 urte nitula alargundu huan eta senideak, Joakin eta Jexux, aitta jaunak eta amandriak Eibarra eta Zaldibarra eaman ziaten.

Bestetik, Zumaian bazen duela 30 bat urtera arte denda bat Erribera kalean, besteak beste telak, galtzerdiak eta egunkariak saltzen zituena, “linterneruena” esaten zitzaiona; itxura denez, han aritzen ziren andreen (Merzedes eta Emili Arrizabalagaren) aita zen linterneroa.