Zumaiako hitz bereziak: PUNTAPAX

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko abe. 18a, 07:20
3 edo 4 cm-ko iltzeak izaten dira gehienak. (Argazkia: mundoalambre.com)

Peiok proposatutako hitz berezi honekin errematutako dugu aurtengo zerrenda. 2021erako proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Inguruko beste herri batzuetan bezalaxe, iltze txiki batzuei deitzen diegu Zumaian “puntapaxak”. Antzeko beste aldaera batzuk: puntapais, puntapaitz eta parispunta. Hain zuzen, “punta de París” izenetik omen dator.

Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko hiztegian azaltzen duenez, garai batean iltzeak burdina sutan landuz egiten ziren, errementariek egiten zituzten beren sutegietan; aurrerapen handia izan zen makina baten bidez alanbre lodixko bati mutur batean punta atera eta bestean burua zapalduz egiten hasi zirenean. Joxe Mari Mujika bergararrak Ahotsak.eus guneko bideo batean ederki azaltzen du tailerrean nola egiten zituzten “puntapaitzak”.

Azkoitian “puntepax” esaten diote, eta Urola Kostako Hitzatik hartu dugu beste adibide hau, 2016koa: “700 kilo puntapax eman ditu herritar batek Calaiserako”.

Usurbilen badira Puntapax izeneko zubia eta kalea, eta haiek aipatu zituen Anjel Lertxundik Berria egunkarian, “Laseferra” izeneko zutabean, hura ere 2016an.