Zumaiako hitz bereziak: KARKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko aza. 27a, 07:30
San Telmo kalekoa da karka baten adibidea.

Aste honetako hitza Peiok esandakoa da, txikitan inguru horretan asko ibili omen zen eta. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kale txikiari edo etxeen arteko pasabide estuari deitzen diogu Zumaian “karka”; etxeen atzeko aldeetakoa izan ohi da. Beste herri askotan “karkaba” esaten diote, eta “karkara” edo “karkaua” ere bai. Euskaraz badira esanahi bereko izen gehiago ere: etxarte, belena, zehartegi, estrata… Bizkaiko herri batzuetan, berriz, lubakiari deitzen diote “karkaba”.

Bonifazio Etxegarai zumaiarrak izen horien inguruan artikulu bat idatzi zuen, 1930ean: “Nombres vascos de los espacios intermedios entre casas”. Ikerlan horretan jasota dago Zumaian “karka” esaten zaiola. Gaztelaniaz “callejón” da ordain ezagunena, baina beste hauek ere erabili izan dira: patio, calleja, goteral, banela, valena, caño… Euskarazkoaren pareko edo antzekoak ere ikusi ditugu: cárcava, carcavana… Zumaiako artxibategikoa da, esaterako, 1916ko adibide hau:

  • Instancia suscripta por D. Marcos Azpeitia (...) por la que después de hacer historia del mal estado en que se encuentra la carcabana existente entre la casas nº 17 y la del solicitante en la calle de San Telmo de esta villa a causa de echar en ella basuras e inmundicias por los vecinos de dicha calle…

Hitza proposatzearekin batera, Peiok kontatu digu txerriak ibiltzen zirela San Telmo kaleko karka inguruan, eta lokaztuta egoten zela bidea. Orain Ondartxo plaza dagoen inguru horri esaten zioten haiek karka, lantegi eta biltegi batzuk (Barinaga, Esteibar, Cabrera…) zeuden tokiari.

Lore Albizuk beheraxeagoko beste kale bati ere hala deitu zion, Baleike aldizkarian Abelin Linazisorori 2008ko martxoan kontatutakoen artean:

  • San Telmo kalian, ba, trenadioska-ta ibiltzen giñan, geo, karka bat zeon han, Karmelo Unanuenea juteko horretan eta han dindanak jarrita dindanian-da ibiltzen giñan.
  • San Telmokuak prozesixua pasatu zai eoten giñan ixa besteen kaletik harrapatu eta karkara eamateko.

Joxe Manuel Manterolak ere Carmelo Unanue (oraingo Ardantzabide) alderako kaletxoa aipatzen du, 2005eko martxoan egindako beste elkarrizketa honetan:

  • Hasiera batian, San Telmo aldera etortzen hasi hittuan eta gu Karmeloneko karka zaharrian ixkutatzen gittuan eta handik harrika ein.