Zumaiako hitz bereziak: DINDAN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko urr. 30a, 07:26
Ez daitezela dindanak berriz ere hustu. (Irudia: Ander Hormazuri)

Joan den astean sare sozial batean galdetu zuten nola esaten zaion herri bakoitzean jolas edo egitura ezagun honi, eta aukera ona iruditu zaigu gurea hona ekartzeko. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Eserleku bat soka batzuekin zintzilik jarri eta kulunkatzeko balio duen egiturari deitzen diogu Zumaian “dindana”.  Beste toki batzuetan “zabu” esaten diote, eta ahoz “kolunpio” ere bai askok. Antzeko izenak badaude beste herri batzuetan, eta oso desberdinak ere bai: dindaun, txintxaun, tilin-talan, ziburu, zanbulu, zibi-zabu, txinbo, zarramillo, gorgoin, balantzuar…

Zumaiako adibideei dagokienez, Abelin Linazisorok Lore Albizu elkarrizketatu zuen Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean, eta hauxe zioen 2008ko martxoan:  

San Telmo kalian, ba, trenadioska-ta ibiltzen giñan, geo, karka bat zeon han, Karmelo Unanuenea juteko horretan eta han dindanak jarri ta dindanian-da ibiltzen giñan.

Bestelako ataletan ere erabili izan da aldizkarian hitz hau, nahiko zabaldua dagoen seinale. Esaterako, 47. zenbakian,  1998ko ekainean, Kantauriko plazako etxeei buruz aritzeko:

Bestalde, azpimarratu etxebizitza guzti hauen inguruan egongo den urbanizazioa. 5.000 metro karratu baino handiagokoa, jardin, dindan, banku eta abarrez hornitua.

Beste adibide bat hemen, 24. zenbakian, 1996ko maiatzean, haurrak zaintzen dituztenei buruzko erreportajean:

Plazan, ordea, taldetxo bat geratu da. Laupabost neska/emakume daude dindanen inguruan, bakoitza bere kotxe eta haurrarekin.

Eta azken adibidea berriagoa da, 166. zenbakikoa, 2008ko maiatzean, alkoholiko baten lekukotzan:

Ez dut jakin nire umeekin jolasten, dindanetara joaten edo gaur egungo gurasoek beraien haurrekin egiten dituzten gauzak egiten.