Zumaiako hitz bereziak: BITU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko urr. 23a, 07:14
Ontto eta perretxikoen argazkiz bete dira sare sozialak azken astean. (Argazkia: @xagra)

Urriko euriek eta ondorengo eguraldi onek perretxikozalez bete ditu Euskal Herriko basoak, denek ere aste honetako aditza helburu. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerbait bildu edo batzeari esaten diogu Zumaian “bitu” (ahoz “bittu” ere bai).  Orotariko Euskal Hiztegian antzeko beste era batzuk ere jasota daude: biltu, billu, bilddu, biribilatu…

Magdalena Egañak ahotsak.eus guneko bideo honetan azaltzen du nola ibiltzen ziren harraldean arrantzan: “haitzian (…) bitzen jun ta bitzen etorri”. Brigida Ibarbia oikiarrak beste honetan, berriz, tabakoa nola jasotzen zuten azaltzen du: “ostruak (…) dozena erdi bat eskuan bittu ta beste batekin burua eiten giñun”.

Abelin Linazisorok Baxakarte elkarrizketatu zuen Baleike aldizkarian, eta hala zioen 2006ko azaroan argitaratutako zatian: “Guk behin zazpi urtekin, ilundu eta gero ere, ganaua zaitzen ibiltzen giñun. Ganaua larrera bota eta iluntzean ganaua bittu. Baserrian berandu arte eiten dek lan”.

Zarautz aldean ere ezaguna da aditz hau, eta Zarautz hizketan liburuan zehaztuta dago baserri aldean “bittu” erabiltzen dela gehiago.