Zumaiako hitz bereziak: GARAMAN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ira. 4a, 07:40
Garoz beteta daude sail eta zelai asko. (Argazkia: Atauri)

Irailean sartu berri garen honetan, hilabeteari izena ematen dion hitzarekin hasiko dugu ikasturtea.  Izan ere, garoa edo ira ebakitzeko garaia da iraila. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).<

Zumaian garo sailari deitzen diogu “garamana”.  Orotariko Euskal Hiztegiak “gareban” proposatzen du eta -eban hori “ebaki”-tik datorrela zehazten du; hau da, “garoa ebakitzeko tokia” esan nahi du. Jakoba Errekondok sinonimo mordoxka zerrendatu ditu artikulu honetan:  garomen, garo-sail, garo-leku, gareban, garotegi, garadi, irati, iraeta, ira-baso, ihatsail, ira-zelai, iratze-leku, iraztor-leku, irastortza,  iratzoki, iratzedi, iraztoi, irebana, idadui, ideleku…

Garoa garrantzitsua da nekazaritzan, batez ere aziendaren azpitarako, ohatzeetarako. Haren gorotzarekin nahastuta ongarritarako ere oso ona da. Garai batean mendietako garamanak zaindu egiten ziren; enkantean ematen ziren eta iraila baino lehen ezin ziren ebaki. Beste toki batzuetan, esaterako Hernani aldean, bando bidez iragartzen zuten noiz ebaki zitekeen, Harrapazka eguna izenekoan. Gaur egun erruz dago mendian, gero eta utziagoak daudelako gure belardi eta larreak. Jakoba Errekondok dioenez, beste arrazoirik ere bada horretarako: abereek ez dute jaten,  osagai pozoitsuak dituelako.  

Zumaiako leku baten izena ere bada Garamana, Meagarako bidean Urteagako gainetik Oikia aldera dagoen magalari hala esaten diote. Inguruko herrietan ere badira beste toponimo batzuk: Erdoizta inguruan badago Garamana izeneko baso bat, eta Andutz azpian dago Garaban baserria ere.