Zumaiako hitz bereziak: FIELATO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko uzt. 3a, 08:16
40ko hamarkada inguruko argazkian ikusten da Fielato zaharra. (Zumaiako Fototeka)

Hilabeteotan berritu ederra hartu duen toki bati eskainiko diogu oporren aurreko azken hitza. Irailetik aurrera lantzeko proposamenak edo bestelako oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zergak ordaintzeko duela 100 urte baino gehiago eraiki zuten guneari deitzen diogu Zumaian “Fielatoa”. Gaztelaniatik datorren izena da, eta “kaxeta” edo etxola batzuk izaten ziren, salgaiak pisatu, osasun baldintzak egiaztatu eta zegozkien zergak kobratzeko. Pisu edo balantzari "fiel" esaten zioten, eta hortik datorkio izena.

Zumaiako artxiboan topatu ditugun aipamenik zaharrenak 1904 ingurukoak dira, eta haien arabera tren geltokian ere bazegoen beste etxola bat. Maria Antonia Goikoetxeak kontatukoa jaso zuen Belen Golmaiok 2001eko urrian Baleike aldizkarian, eta zioen tamainaren arabera Fielatora edo Alondegira eramaten zituztela gauzak:

Sartu eta eskubitan zeon kabina antzeko bat eta kabina horretan ibiltzen zan kanpuan zeon pixu aundi bat, barrutikan ibiltzen zan kanpuan pixatzen zana. Eta kamioiak fielatoa etortzen zian bezela, beste gauza txikitei hori hara. Ni akordatzen naix gure aittak hor pusketa batian almazena euki zulako arduakin, eta gu han atzea-aurrea ibilli eiten ginan. Eta orduan hura guretzako zan beti alondeixa.

Maria Antoniak berak kontatu digu Udalak bazuela langile bat pisuaren ardurarekin, eta azkena postu horretan Luis Alvarez Beltza izenekoa ibili zela, bai Fielatoan, bai Alondegian.

Beste herri batzuetan ere erabiltzen da hitz hau, eta horren lekuko dira ahotsak.eus gunean jasotako adibide hauek: Amorebietan, Donostian, Eskoriatzan, Gernikan

Zumaian esanahi berezia du toki horrek, hortik abiatu zirelako 1937ko otsailean kanporatu zituzten zumaiarrak eramateko kamioiak:

- Akordatzen nax gizonezkuak aurrera jun zialako beren familikoak nola bialdu zituzten herritik. Egun hartan oso egualdi txarra zeon. Euria etengabe. Eta fielatoko hortatik ikusi nun dana. () hura paraerua! Jende dana euritan guardasol azpian negarrez

          Irene Yeregi (Baleike, 2007ko otsaila)

 - Kilkirritonekuak, Pakanekuak, Xendokuak Izeko Erramuna eta ni ere bai… Asko sartu giñan kamioietan. Zubitxikitik, Fielato aurretik erten gendun.

          Alizia Perez (Baleike, 2008ko uztaila)

Orokorrean bestela ere elkartoki modukoa izan da beti Fielatoa; esaterako, autoetan elkarrekin joateko: mendi irteeretara, kirol lehiaketetara

1949an Ignacio Zuloaga plazan beste gune bat eraikitzeko proiektua landu zuen Udalak, orain komunak eta biltegiak dauzkana, eta hor kokatu zen gero fielatoa. Pisuaren altzairuzko plantxek lehengo lekuan jarraitu zuten, hala ere, beste hamarkada batzuetan.

Udaltzainen eraikina berritu duten honetan, aurreko plazatxoak hor jarraitzen du elkartoki funtzioa betetzen, eta horregatik erabaki du Udalak alboan FIELATOA dioen plaka bat jartzea, zer izan zen jakin, gogoratu eta erabiltzen jarrai dezagun.