Zumaiako hitz bereziak: KERETXUDI

Erabiltzailearen aurpegia

Gartxu hostozabala da Zumaian ikus daitekeen keretxua (Wikipedia, CC BY-SA 3.0)

Uretatik lehorrera egingo dugu aste honetan, baina hitza asko aldatu gabe. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gartxu zuhaixkez osatutako sailari deitzen diogu Zumaian “keretxudia”. Baratze parkeak izen hori hartu zuen, Narrondo aldera begira dagoen mendi magalak Keretxudi izena duelako. Ibai alderako maldari, berriz, Keretxudipe esaten zaio. Amaierako -di hori -doi/-dui atzizkiaren aldaera bat da, ‘taldea’ adierazten duena. Ondorioz, Keretxudi izenak adierazten duena da ‘keretxu landare ugari dagoen tokia’. Badago inguruan beste lursail bat Keretxueta izenekoa, eta izen horrek ere esanahi bera du.

Phillyrea generoko zuhaixka mota bat da keretxua, gaztelaniaz labiérnago edo olivillo. Lurzoru lehor eta karetsuetan hazten da, eguteran bereziki, hosto iraunkorrak eta gogorrak ditu, eta fruituak beltzak dira heldutakoan. Hostozabalak (P. latifolia) eta hostoestuak (P. angostifolia) bereizten dira. Gontxalo Torre biologoak kontatu digunez, gurean hostozabala edo Phillyrea latifolia hazten da (gaztelaniaz labiérnago prieto), bestea ez da honaino heltzen. Artearen kohortekoa denez, Zumaian ekialdeko artadietan (Artadin, Sanbartolomebasoan eta Soburutz baserrien gaineko artadian) badaude, eta Algorriko paldan ere bai. Artea bezala, egurrerako ona omen da, eta ikatza egiteko ere erabili izan da.

Bitxia da Zumaian berdin edo antzera deitzea (keretxu) zuhaixka honi eta joan den astean azaldutako moluskuari.