Zumaiako hitz bereziak: LOHI-HAR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko eka. 5a, 09:07
Orain ez da jenderik ikusten lohi-harrak biltzen (Argazkia: Cintiaorgano / CC BY-SA)

Arrantzan egiteko baimena ere eman dutenez, horretarako oso egokia da Felixek proposatu eta aste honetan ekarri dugun hitza. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Padura edo basadietan bizi den zizare moduko bati deitzen diogu Zumaian “lohi-harra”. Arrantzarako karnata oso ona da eta garai batean ohikoa zen itsasbeheran “lohi-harretara” joatea. Neguan gutxiago eta txikiagoak egoten dira, eta udaberri-uda garai honetan ugariago. Santiagotxikin, Moilaberrian, Trenzubi inguruan, Beduan… asko egoten ziren. Joxeba Garatek ahotsak egitasmoko bideo honetan kontatzen du lohi-harrak eta bestelakoak non hartzen zituzten. 

Hondarretan ere badira antzeko zizare batzuk, baina beste izen bat dute: “hondarreko txitxarea” Zumaian, eta Zarautzen “haizarra” (haitzeko harra, Bermeo-Mundaka aldean ere “haixarra”). Meheagoak eta luzeagoak izaten dira. Hara bi har edo zizare mota horiei buruzko bideo bat, zarauztar baten azalpenak.

Aspaldian inor ez da ibiltzen “lohi-harretan” errioan,  dendetan saltzen dituztelako era askotakoak, kartoizko kaxetan sartuta, Santoña eta Santander aldetik ekarritakoak.