Zumaiako hitz bereziak: TXIKA(D)ERA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko mai. 15a, 09:47
Zumaian “txikaera” dena “tangarte” da beste batzuentzat. (Argazkia: Beduola elkartea)

Itsasoarekin lotutako beste hitz bat ekarri dugu aste honetan, hau ere Beñatek esandakoa. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zurezko itsasontzi txikietatik ura kentzeko erabiltzen den poto edo ontziari deitzen diogu Zumaian “txikaera”;  Orotariko Euskal Hiztegian “txikadera” jasoa dute. Zurezkoa izan ohi da, eta aurrealdean forma borobildua du gehienetan, errazago mugitzeko. Manuel Aizpuruak horrela jaso zuen Euskal Folklorearen Urtekarian 1960an, Zumaiako arrantzaz argitaratutako artikulu batean.

"Txikaera" se llama el recipiente de madera con que los pescadores achican los botes.

 Bizkai aldean “tangarte” deitzen diote, eta Asturias eta Galizia aldean ere bai. Mundakan “tankarta” esaten diote, eta han balde moduko erabiltzen zuten, latorrizkoa. Lekeition “Tangarta” esaten diote, eta Ondarroan ere bildu zuen Augustin Zubikaraik:

Tangarta: olezko ur batzaillea, batelaren azpialdeko oker unetatik ura atarateko

 Hala ere, oraingo arrantzale ondarrutarrek hitz hori ez dute ezagutzen, eta “maustako baldi” esaten diote. Hondarribian “tankarta” deitzen diote arrantzaleek, eta horrela definitzen dute:

Ontzi ttikiak xukatzeko erabiltzen den zurezko tiradera giderduna. Espezie ttikietarako (txipiroia eta abar) arrantza-aparailuak eramateko ere erabiltzen zen.

Mutrikun ere antzera, txirlak eta lapak biltzeko ontziari ere “tangarta” esaten ziotela kontatu zuen lekuko batek ahotsak.eus egitasmoan. Beduola elkarteko Beñat Ibaietaren arabera, denerako erabili izan da “txikaera”; bero dagoenean, itsasoan ura hartu eta burutik behera botatzeko ere oso aproposa da.

R.M. Azkuek bere hiztegirako antzeko beste hitz ere bildu zuen Zumaian: Txikaleku. Horrela definitu zuen: “huecos de la lancha, de donde se quita el agua”.