Zumaiako hitz bereziak: ERRENTXORI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko api. 30a, 08:32
Laster iritsiko dira errentxoriak Zumaiara. (Argazkia: Pau Artigas GFDL CC-BY-SA-3.0, Txoriak.eus gunetik)

Badator maiatzaren hasiera, eta harekin batera txori berezi hau ere bai. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Sorbeltzari deitzen diogu Zumaian errentxoria. Julian Aldaz ornitologo zumaiarrak ere errenchoria jaso zuen 1918an argitaratu zuen katalogoan, eta R.M. Azkueren hiztegian ere Zumaian jasotako hitza dela zehazten du. Izen asko dituen txoria da hau ere, hara horietako batzuk: abijoi, apeztxori, artxilloi, belentzario, brintzario, elai beltz, eliztxori, kanpantxori, kirriskillo, mitxigu, txenara beltz, txirribirri, zirringilo...

Txoriak.eusguneak dioenez, itxurarengatik sorbeltz arrunta (Apus apus, gaztelaniaz vencejo) txana edo enarekin nahastu ohi den arren, beste talde bateko hegaztia da. Airean bizitzera erabat egokituta daude, hanka labur-laburrekin eta hego indartsuekin; enarek baino hego luzeagoak dituzte, eta igitai itxura dutela esan ohi da. Sorbeltz arrunta beltz-beltza da goitik eta behetik, eztarria argixeagoa bada ere.

Julian Aldazek liburuan zehaztu zuen maiatzaren 2an edo 3an iristen zirela hona, eta Jexus Gorostolak ere zioen maiatzaren 4an agertzen direla. Aste honetan bertan zendua, aurten Jexuxek ez digu esango "Etorri dituk txanak!", enara beltzak Afrikatik, baina etorriko dira, etorriko direnez.